Julen Alberdi Txikia IV. aikolariak bigarren egin zuen atzo, larunbata, Donostiako Aste Nagusiaren barruan Trinitate plazan jokatutako Urrezko Aizkora Kopa lehian. Azkoitiarrak txukun egin zituen lanak, baina ez zen gai izan Iker Vicenteren erritmoari eusteko. Izan ere, Otsagabikoa (Nafarroa) izan zen lehiaren jaun eta jabe, hamalau kanaerdiko 31 minututan eta 47 segundotan ebaki baitzituen.
Bigarren postua lortzeko lehian aritu ziren Larrañaga eta Julen Alberdi Txikia IV.a. Azkoitiarrak aurre hartu zion azpeitiarrari, eta harentzat izan zen podiumeko bigarren koska. 33 minutu eta 14 segundo behar izan zituen Txikia IV.ak lanak bukatzeko, eta 45 segundo gehiago Larrañagak (33.59).
Bost aizkolari aritu ziren atzokoan lehian, eta Vicenteren, Txikia IV.aren eta Larrañagaren atzetik sailkatu ziren Hodei Ezpeleta Bihurri II.a (34.56), eta Julen Gabirondo ordezkatu zuen eta lanak bukatzen gehien kostatu zitzaion Xabier Zaldua (42.33). Vicentek seigarrenez irabazi du Urrezko Kopa.