Bi txupinazorekin ekin diete bost egunez luzatuko diren festei

Aitziber Arzallus 2026ko abuztuaren 14a

Aurrena, etxez etxeko langileek piztu dute suziria San Martinen, Azkoitiko Gazte Asanbladak gonbidatuta; Ana Azkoitia alkateak, berriz, aurten 50 urte bete dituen Sahatsa dantza taldeko kideak izan ditu alboan, udaletxeko balkoitik txupinazoa botatzeko unean. Festak ez du etenik izango asteazken goizera arte. 

Bost egun eta bost gau iraungo dituen festen zurrunbiloan sartu dira dagoeneko azkoitiarrak. Aurtengo andremariak ere bi suziri leherrarazita hasi dituzte: bata, 11:00etan, San Martinen; bestea, 12:00etan, plazan. Azkoitiko Gazte Asanbladak (AGA) antolatutako txupinazoa izan da aurrena, udalak antolatutakoa bigarrena. Batean, etxez etxeko langileek izan dute suziria botatzeko ohorea; bestean, Sahatsa dantza taldeko kideek.

Seigarren urtez jarraian, 11:00etarako San Martingo elkartera bertaratzeko deia egina zuen AGAk, eta dozenaka izan dira han elkartu diren herritarrak; urtetik urtera gehiago. Hamaiketakoa egin dute aurrena, festak indarrez hasteko, eta ondoren, suziria piztu baino minutu batzuk lehenago, Nora Unanue AGAko kideak hartu du hitza. Etxez etxeko langileei hitza eman aurretik, gazte asanbladaren aurtengo lorpena ekarri du gogora, Azkoitian gaztetxea izatea hain zuzen, eta txaloka erantzun diote parean zituenek. 

Ondoren, Azkoitiko Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzuko langile batek hartu du hitza, "bihotzez" eskertzeko txupinazoa botatzeko ohorea eta herriaren aurrean euren ahotsa entzunarazteko aukera. Hilabete askotako borrokaren ondoren, duela sei hilabete lan hitzarmen berria sinatzea lortu zuten etxez etxeko langileek. Itun berriak lehengoak baino baldintza hobeak jasotzen dituen arren, oraindik ere horietako asko ez direla betetzen ari nabarmendu du, eta ondorioz, prekarietate egoeran jarraitzen dutela ohartarazi. Herriko aiton-amonak gogoan, herritarrei eskaera bat egin die lantaldeko kideen izenean: "Ulertu gaitzazuela, entzun gaitzazuela, etorkizunean danok beharko dugun zaintza babesten lagundu gaitzazuela". 

Txupinazoa bota ostean, San Martinen bildutako guztiak kalejiran jaitsi dira plazara trikiti doinuz lagunduta, eta han tokia hartu dute, txupinazo ofiziala botatzen ari zirenek euren aldarrikapenak begien bistan izan zitzaten. 

Ordurako, udaletxeko areto nagusian hasia zuten txupinazoaren atariko ekitalditxoa. Ana Azkoitia alkateak harrera egin die aurten suziria pizteko aukera eman dieten Sahatsa dantza taldeko kideei, eta baita eskerrak eman ere herriaren, bailararen eta euskal kulturaren alde bost hamarkada hauetan egindako lanagatik. Sahatsako kideek, berriz, pare bat dantza eginda azaldu dute beren esker ona, eta ondoren, udaletxeko balkoietan barrena sakabanatu dira denak, asko izan baitira une berezia bertatik bertara bizitzeko aukera baliatu nahi izan duten dantzariak. 

12:00ak jotzeko minutu gutxiren faltan, datozen bost egunetan euren onena emateko eta gozatzeko eskatu die alkateak plaza bete duten herritarrei, beti ere errespetuz. Behin suziria leherrarazita, Musika Bandak Ondo pasau Andramaixek jo du plazan, eta ondoren, Azkoitia ereserkia abestu dute. Jarraian, Azkoitiko, Txantreako eta Buztintxuriko erraldoiek eta buruhandiek kalejira hasi dute.

Festen hasierako ekitaldiak gauzatuta, egitarau bete-betea dute azkoitiarrek datozen ordu eta egunetarako. 17:00etatik aurrera, gazte parkea zabalduko dute Elkargunearen gaineko zelaian, eta haur parkea Balda plazan. Txosnagunean, berriz, Imuntzo, Matxo, Kintana, Albi, Anti X, Murxi eta Galdo DJen saioak izango dira ordu berean hasita.

Hona hemen datozen ordu eta egunetarako egitaraua oso-osorik:

Gaur, Andre Maria bezpera 

  • 17:00. Haur parkea, Balda plazan.
  • 17:00. Gazte parkea, Elkarguneko goiko zelaian.
  • 17:00. Imuntzo, Matxo, Kintana, Albi, Anti X, Murxi eta Galdo DJen emanaldia, txosnagunean.
  • 19:00. Deiadar txaranga, kalez kale.
  • 19:50. Udal ordezkariak korporazioan joango dira parrokiara, Txalkor txistulari taldeak lagunduta, Alkate soinua-ren doinupean.
  • 20:00. Herritarrek Ignacio Busca Sagastizabalen Salbea eta Aita Nemesio Otañoren Ave Maria abestuko dituzte parrokian, zazpi eta bost ahotsetara, hurrenez hurren.
  • 23:00. Janus Lester abeslariaren kontzertua, herriko plazan.
  • 23:30etik 02:30era. Drogen kontsumoak eragiten dituen arriskuak saihesteko nahiz murrizteko eta genero erasoen aurkako babesgune zerbitzuak, parrokiaren aurrean.

Bihar, Andre Maria eguna

  • 09:30. Zubiondo gaiteroen kalejira.
  • 10:00. Udal Musika Bandaren eta Txalkor txistulari taldearen kalejirak.
  • 10:50. Udal ordezkariak korporazioan joango dira parrokiara, Txalkor txistulari taldeak eta Musika Bandak lagunduta, Alkate soinua-ren doinupean.
  • 11:00. Meza nagusia.
  • 12:00. Erraldoien eta buruhandien kalejira, Zubiondo gaiteroekin.
  • 13:00. Udal Musika Bandaren eta Txalkor txistulari taldearen kontzertua, Kontzejupean.
  • 17:00. Pilota partidak, Gurea pilotalekuan. Caixabank Masters Txapelketako partida jokatuko dute Altuna III.ak eta Imazek Larrazabalen eta Zabaletaren kontra, eta Muruak eta Eskirozek Amianoren eta Gabirondoren aurka.
  • 17:30. Egurrezko jokoak Ikurriñaren plazan, Txiki Chef herriko plazan eta karaokea Azoka Plazan.
  • 19:00. Magia poteoa.
  • 19:30. Muxikoak, Balda plazan, Patxi eta Konpainiarekin.
  • 20:00. Azkoitiko gimnastika erritmiko taldearen erakustaldia, parrokiaren aurrean.
  • 22:00. Film Laburren XIV. Lehiaketako lanen emanaldia eta sari banaketa, plazan. Aurtengo gaia sekretua da.
  • Ondoren, La Reina del Pop taldearen kontzertua, plazan.
  • 00:30. Lepue Zapaldu taldearen kontzertua, txosnagunean.
  • 01:30. Yakovlev 42 taldearen emanaldia, txosnagunean.

Etzi, San Roke eguna

  • 09:30. Zubiondo gaiteroen kalejira.
  • 10:00. Txalkor txistulari taldearen kalejira.
  • 10:50. Udal ordezkarien korporazioa Andre Mariaren Zeruratzearen parrokiara, Txalkor txistulari taldeak lagunduta, Alkate soinua-ren doinupean.
  • 11:00. Meza nagusia.
  • 11:30. Erraldoien eta buruhandien kalejira.
  • 12:15. Aurreskua, plazan.
  • 12:30. Vermuteo musikatua, txosnagunean.
  • 13:00. Udal Musika Bandaren eta Zubiondo gaiteroen kontzertua, Kontzejupean.
  • 14:30. Gazte bazkaria, txosnagunean.
  • 16:00. Ur parkea, Balda plazan.
  • 16:30. La Ruina, txosnagunean.
  • 18:00. Elektrokelaren emanaldia, txosnagunean.
  • 19:00. Emakumeen 16. Euskal Herria Kopako finalerdia Realaren eta Eibarren lehen taldeekin, Txerloia futbol zelaian.
  • 19:00. Freshcool ikuskizuna, eliz atarian, Tio Teronen Semeak konpainiaren eskutik.
  • 21:15. Sukena taldearen kontzertua, herriko plazan.
  • 23:00. Suzko erroberak, Vulcano etxearen eskutik.
  • 23:30. Bengo abeslariaren kontzertua, plazan.
  • 23:30etik 02:30era. Drogen kontsumoak eragiten dituen arriskuak saihesteko nahiz murrizteko zerbitzua eta Gune Morea, parrokiaren aurrean.
  • 01:00. GZKL eta Lurrikara taldeen emanaldiak, txosnagunean.
  • 02:00. Txumba, txosnagunean.

Abuztuak 17, astelehena, Baserritarren Eguna

  • 09:00etatik 10:00etara. Azkoitiko Kultur Elkartearen 43. Inazio Iriarte margo lehiaketarako zigilu jartzea, Portaleburu erakusketa aretoan.
  • 09:30. Herriko trikitilarien eta dultzaineroen kalejira.
  • 09:30. Gipuzkoako I. Mendiko Zaldi eta Behorren Txapelketa, Plazaberrin.
  • 11:00. Herriko trikitilari gazteen kalejira.
  • 11:30. Bizijolas, Gaztaneneako parke estalian.
  • 12:00. Erraldoien eta buruhandien kalejira, Txalkor txistulari taldeak lagunduta.
  • 12:00. Herri kirolen jaialdia, plazan.
  • 12:30. Jubilatuen meza, parrokian.
  • 14:30. Jubilatuen bazkaria, Elkargunea eraikineko Herriko Plaza aretoan. Bertan, aurten 90 urte betetzen dituzten herritarrak omenduko dituzte.
  • 16:00. Bizijolas, Gaztaneneako parke estalian.
  • 16:00. Mus txapelketarako izen-ematea, txosnagunean.
  • 17:00. Mus txapelketa, txosnagunean.
  • 17:30. Zezen txikiak eta poniak, Trenbidearen Zumardian.
  • 18:00. Bikote Helduen Dantza Txapelketa, Balda plazan.
  • 18:30. Pontx pailazoa, herriko plazan.
  • 19:30. 43. Inazio Iriarte margo lehiaketaren sari banaketa, Portaleburun.
  • 22:00. Enaitz eta Erkizia bikotearen erromeria, Balda plazan.
  • 23:00. Suzko zezena, Balda plazan.
  • Ondoren, erromeriak jarraituko du.

Abuztuak 18, asteartea, Kuadrillen Eguna

  • 11:00. Kaleko atletismo erakustaldia.
  • 12:00. UK03 txaranga, herrian zehar.
  • 14:30. Herri bazkaria, plazan.
  • 16:30. Skapaie elektrotxaranga, kaleetan.
  • 17:30. Apar festa, Balda plazan.
  • 18:30. Zezenak, Plazaberrin.
  • 19:30. UK03 txaranga, herrian zehar.
  • 21:30. Txapela Brava taldearen kontzertua, plazan.
  • Ondoren, suzko zezena ikuskziuna, herriko plazan.
  • 21:30etik 00:30era. Drogen kontsumoa murrizteko zerbitzua eta Gune Morea, parrokiaren aurrean.
  • 23:00. Lukiek taldearen kontzertua, txosnagunean.
  • 00:00. Aibofobiaren emanaldia, txosnagunean.
  • 01:00. Playlist irekia, txosnagunean.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide