Holiday Ad Hoc orkestrak emanaldia eskaini zuen atzo arratsaldean Balda plazan. 19:30erako zuten musikariek hitzordua jarrita, eta ordu erdi lehenagorako herritar ugari joan ziren plazara, Azkoitiko Udalak emanaldirako jarritako aulkietan lekua hartzera. Dozenaka eserleku jarrita zituen erakundeak, eta horiek dena ez ezik, plaza horren bueltako tabernetako terrazak ere jendez bete ziren.
Musikariek presarik ez zuten, nonbait, eta hogei bat minutu beranduago hasi zen kontzertua. Hala esan zuen aurkezle lanak egin zituen musikariak, umorez: "Oso ondo bazkaldu dugu, eta kostatu egin zaigu hitzordurako prestatzea". 65 musikari, askotariko musika tresnak eta askotariko doinuak. Horiexek bildu ziren atzo Balda plazan, eta herritarrek gogotik gozatu zuten emanaldiaz.
Orkestra berezia da Holiday Ad Hoc. Izan ere, urtean hamar egunetan soilik elkartzen dira talde horretako musikariak, 1988az geroztik –Hiri Laranjen Batasunaren bueltan sortutako orkestra da–, eta hamar egun horietan Europan barrena bira egin ohi dute. Atzo Azkoitian nola, etzi Zestoan izango da taldea (19:00etan, Frontoi Zaharrean), biraren barruan han egingo baitu eskualdeko bigarren eta azken geldialdia. Duela bi ere izan zen orkestra Azkoitian nahiz Zestoan.