Santa Klara eguna da gaur, abuztuaren 11, eta Azkoitian bada egunaren izen berbera duen komentua. Hori dela eta, ohiturari eutsiz, elizkizuna egin dute gaur goizean han, Felix Azurmendi erretoreak gidatuta, eta dozenaka herritar joan dira mezara, baita Ana Azkoitia alkatea ere. Jose Luis Frantsesena arduratu da elizkizunean organoa jotzeaz, eta haren doinuei ahotsa jartzeaz Parrokiako Abesbatza.
Eukaristiaren bukaeran, erretoreak eskerrak eman dizkie Azkoitiko Santa Klara monasterioaren jabe berriei gaurko hitzordua egiteko erakutsitako prestutasunagatik; izan ere, dagoeneko ez da Elizaren jabetzakoa, esku pribatuetan dago komentua. "Dena prest izateko egindako lanagatik, eskerrik asko bihotzez", esan die elizan bertan ziren jabe berriei.
Herritarrak elizatik atera direnerako, atarian prest zuten mokadutxoa; askotariko gozoez nahiz saldaz gozatu ahal izan dute hara joandakoek. Dena den, aurreko urteetan ez bezala, aurten elizpean egin dute hamaiketakoa; aurreko urteetan klaustroan egin izan zuten.