Plantilla osatuta, etzi, asteartea, hasiko dira Anaitasunako gizonen lehen taldeko kideak denboraldi aurreko entrenamendu saioekin. Txerloian egingo dute lehen entrenamendua Gipuzkoako Ohorezko Erregional Mailan ariko den taldeko kideek, eta denboraldiari ekiterako, hainbat hitzordu izango dituzte Loren Barbadoren gidaritzapean ariko diren jokalariek. Izan ere, lagunarteko lau norgehiagoka jokatuko dituzte 2026-27 sasoiari ekiterako.
Lehen neurketa abuztuaren 22an jokatuko dute etxean, Touringen aurka (11:00), eta bigarrena ere Azkoitian izango da, abuztuaren 29an, Añorgaren kontra. Etxetik kanpoko bi partidak irailean jokatuko dituzte Loren Barbadoren mutilek: irailaren 1ean, Eibarko Urkiren aurka, eta 5ean, Mondraren kontra, Arrasaten. Ohorezko Erregional Mailako denboraldia, berriz, irailaren 12an hasiko da, eta Anaitasunak Oñatiko Aloña Mendi izango du lehen jardunaldian parez pare.
Denboraldi berrirako hiru fitxaketa egin ditu Azkoitiko taldeak, gaur-gaurkoz. Horrenbestez, datorren denboraldian Anaitasunaren gizonen lehen taldean ariko dira Zumarragako Urola taldetik iritsi diren Aritz Clemente eta Mikel Zubizarreta nahiz Elgoibartik heldu den Ander Bizkarguenaga.
Emakumeek, abuztuaren 20an
Emakumeen Euskal Ligako emakumeen taldeak abuztuaren 20an hasiko du denboraldi aurrea. Iñigo Oruesagasti Oruek segituko du entrenatzaile karguan, eta kadeteen taldetik honako jokalari hauek batuko dira taldera: Jare Zendoia, Amaia Elorza, Kiara Syla, Maren Ibarbia eta Maialen Oiarzabal.
Andremariak pasatutakoan ekingo diote entrenamendu saioei, eta hainbat lagunarteko partida ere jokatuko ditu taldeak. Abuztuaren 29an izango da aurrena, Reala Cren kontra, etxean (18:00), eta horren ondoren Donostiako Antiguoko Bren –etxean izango da–, Zarautzen eta Zumarragako Urolaren kontra ere jokatuko dituzte neurketak, nahiz eta oraindik egunak eta orduak zehazteko dituzten.
Liga, berriz, irailaren 20ko asteburuan hasiko da, baina oraindik zehazteko dago Anaitasunak zein izango duen aurkari 2026-27 denboraldiko aurreneko hitzorduan.