Oraindik eros daitezke hilaren 16ko emakumeen Euskal Herria Koparen finalerdirako sarrerak

Julene Frantzesena 2026ko abuztuaren 7a

2021-22 denboraldiko Euskal Herria Kopako txapela. (Euskal Herria Kirola)

Txerloia futbol zelaian jokatuko dute lehia horretako finalerdia Realak eta Eibarrek. San Roke egunez izango da partida, 19:00etan hasita, eta zazpi eurotan eskura daitezke neurketarako sarrerak. 

Emakumeen 16. Euskal Herria Kopako finalerdietako bat hartuko du Txerloia futbol zelaiak San Roke egunean, abuztuaren 16an, eta norgehiagokarako sarrerak eskura daitezke oraindik ere. Realaren eta Eibarren arteko partida ikusteko sarrerak zazpi eurotan daude salgai, Euskal Herria Kirola elkartearen webgunean. Dena den, Anaitasuna futbol taldeko bazkideek eta 14 urtetik beherako herritarrek doan ikusi ahal izango dute neurketa. Hilaren 16an bertan ere salduko dituzte sarrerak Txerloiko leihatilan, zazpi eurotan. 

19:00etan izango da txuri-urdinak eta armaginak parez pare ariko diren finalerdia, eta nagusitzen den taldeak Irungo Gal estadioan jokatuko du finala abuztuaren 19an. Dena den, ikusteko dago zein talde ariko diren finalean; izan ere, Azkoitiko partidaren bezperan jokatuko dute Athleticek eta Alavesek beste finalerdia, Amurrion (Araba). Finalerako sarrerak ere salgai daude dagoeneko, hogei eurotan, Euskal Herria Kirolaren nahiz Real Unionen webguneetan. 

Iaz Eibarrek lortu zuen Euskal Herria Koparen garaikurra, Reala 1 eta 0 mendean hartuta.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide