Duela egun batzuk Azkoitian egindako horma irudi baten gainean eta ondoan "pintaketa faxistak" agertu direla salatu du Urola Erdiko GKSk. Hain zuzen ere, Ikasle Antolakunde Sozialistako (IAS) eta Gazte Koordinadora Sozialistako (GKS) kideek Gazte Topaguneari lotutako irudi bat egin zuten Izarraitz lanbide heziketa zentroko frontoian, eta haren gainean eta bueltan agertu dira "Vox" eta "Viva España" dioten pintaketak.
Egunotan ezabatu dituzte pintaketa horiek, eta horretan ageri diren bideo bat kaleratu du Urola Erdiko GKSk sare sozialetan. Gainera, ezabatutako pintaketen gainean beste mezu bat erantsi dute: "Faxismoaren aurrean batu borrokara". Izan ere, GKSk salatu du faxismoa gero eta normalizatuago dagoela eta horren aurrean gazte langileak antolatzea inoiz baino beharrezkoagoa dela. "Guk garbi daukagu, faxismoaren aurka borrokatzen jarraituko dugu", esan dute. Bide horretan, urriaren 9tik 12ra Elizondon (Nafarroa) Gazte Topagune Sozialista egingo dutela oroitarazi dute.