Gurasoek txikitan 'txipriztin' deitzen zidaten, oso bizia nintzelako", gogoratu du Ainhize Azpiazu (Azkoitia, 1996) sareko eduki sortzaileak. Bizitasuna eta geldirik egoteko ezina izan daitezke bere bizimoduaren ezaugarri nagusietako batzuk. "Irekia, sortzailea eta lagunkoia" dela dio berak, eta pantailaren aurrean ere hori islatu nahi izaten duela. Dena den, aitortu du bere bizitzako zati bat besterik ez duela kontatzen, eta ez dela eduki mota bakarrera mugatzen: "Hasieran, egindako erosketak erakusten nituen, eta orain, blogak egiten ditut. Hau da, nire profilera sartzen denak ez du eduki mota bakarra aurkitzen". Duela urtebete hasi zen modu "kontzientean" edukiak sortzen, eta egun, Instagramen zein TikTok plataforman argitaratzen ditu horiek.
Egunerokotasunean, sare sozialen kontsumoari "denbora gehiegi" eskaintzen diola aitortu du hark, baita sareek "adikzioa" sortzen dutela ere. Sorkuntzari eskainitako tartea, hala ere, ez da beti berbera izaten bere hitzetan, bizitza "mugitua" baitauka. Edukiak sortzen hasi zenean, agenda baten bidez eta modu antolatuan egiten zuela adierazi du, baina agendak albo batera lagatzea erabaki zuen gero, eta orain, ahal duenean eskaintzen dio zeregin horri denbora.
Ideiak bururatzen zaizkion heinean, horiek idatzi egiten ditu, eta orri zurietan idatzitakoak bideo bihurtzen ditu gero azkoitiarrak, sare sozialetako bere jarraitzaileentzat zein ez direnentzat. Hain zuzen, Azpiazuren edukia kontsumitzen duten erabiltzaileen kopuruak gora egin du azken hilabeteetan, eta haren bideoren bat 169.000 ikustaldi izatera ere iritsi zen ekainerako. Oihartzun horrekin batera, ordea, sareen alderik ilunena ere ezagutu du Azpiazuk: gorrotoa. Izan ere, kontrolaezina da bideoak noren eskuetara iristen diren, eta ikustaldi asko dituzten piezetan, nabarmen igotzen da iruzkinen kopurua ere, sortzailearen hitzetan. Horrez gain, ospea ere eragin dio lortu duen ikusgarritasunak. Dena den, jarraitzaile kopurua zenbaki soil bat baino gehiago dela onartu du azkoitiarrak: "Gizartean guztiok nahi dugu onarpena, eta nire profila benetan gustatzen zaienek jarraitzea nahiko nuke". Gaur-gaurkoz, Instagramen 4.000 jarraitzailetik gora ditu, eta TikToken ia 2.000.

Euskaraz, kontzienteki
Sortzen duena edukia gustura egiten duela azaldu du Azpiazuk, hark "betidanik" atsegin baitu sortzea nahiz komunikatzea. Bere egunerokoa isladatuko zuen edukia sortu nahi zuen hastapenetatik azkoitiarrak, eta hori kontuan izanik, edukia euskaraz sortzea eta partekatzea erabaki zuen. Azkoitiko euskalkian hitz egiten du bideoetan. Lehenengoetan gaztelaniaz ere hitz egiten zuen arren, euskararen alde egindako apustua "hautu kontzientea" izan zela azpimarratu du. Era berean, duela bost urteko egoera oraingoarekin alderatuz gero, plataformetan euskarak duen presentzia "handiagoa" dela uste du: "Jende askok erabiltzen du gutxi euskara, eta horiengana ere iristen da gure edukia". Euskaraz zenbat eta eduki gehiago sortu, are "hobeto" izango delakoan dago.
Hasieran, sareetako erreferentzia nagusiak atzerriko sortzaileak baldin baziren ere, euskal eduki sortzaileen kopuruak gorakada nabarmena izan duela argi dauka azkoitiarrak. Gainera, euskaraz sortzen eta kontsumitzen hasi denetik, sarean agertu ohi zaizkion profilak euskaldunenak izan ohi direla esan du: "Euskaraz sortzen dutenen artean askotariko profilak egotea garrantzitsua da, aniztasuna beharrezkoa baita estereotipoak hausteko". Jakin badaki edukia erdaraz argitaratuko balu, jende gehiagorengana iristeaz gain, "aukera gehiago" ere izango lituzkeela, baina gaur egun ez du bere burua euskara ez den beste hizkuntza batean sortzen ikusten.

Bestalde, pantaila txikietan ez ezik, handiagoetan ere agertu izan da azkoitiarra. Izan ere, 2021. urtean EITBko Baserria telebista programako bigarren denboraldian parte hartu zuen. Hain zuzen, telebista saio haren formatua gustatu egitent zitzaiolako nahiz saio hura euskarazkoa zelako animatu zen azkoitiarra casting-a egitera, eta adierazi duenez, telebistan agertu izanak gero erraztu egin dio eskuko telefonoaren kameraren aurrean jartzeko pausoa ematea, bi euskarriak "mundu desberdinak" izanagatik. Gaur egun ere, telebistan agertuko litzatekeela adierazi du hark, baina pantailen barrunbeak ondo ezagututa, orain irizpide batzuk jarraituko lituzke zeinetan parte hartu erabakitzeko.
Gimnasia, pasio
Kamerez gain, bada betidanik gustatu izan zaion beste afizio bat: gimnastika erritmikoa. Kirol horretan aritutakoa da 11 urte zituenetik 25 urte egin arte, Azkoitiko Zubiberri klubean: "Gimnastika erritmikoa nire momenturik onenean utzi nuela esaten dut beti, baina gorputzak antzeman egiten ditu kirol horren ondorioak". Orain ere, bere bizimoduaren parte da kirol hori, entrenatzaile lanetan aritzen baita Eibarko Ipurua klubean. Asko dira gimnastia erritmikoak azkoitiarrari emandako irakaspenak, eta "diziplina zein laguntasunaren garrantzia" azpimarratu ditu, besteak beste. Ahalegin handia eskatzen duen kirola izanagatik, esfortzua "ikusezin" bihurtzen dela esan du entrenatzaileak, soilik garaipenak zein garaikurrak ikusten direla argudiatuz.

Orain Euskal Herrian aritzen bada ere, 2022an entrenatzaile lanetan urrats garrantzitsua eman zuen; izan ere, Cuencako (Espainia) Huecar klubeko entrenatzaile postua hartu eta horretan aritu zen denboraldi batez. Bere gain egon zen talde oso haren ardura, eta sasoi hartan gimnasia erritmikoa "bete-betean" bizitzeko aukera izan zuela gogoratu du. Gimnastak Espainiako hainbat kategoriatan lehiatzeko entrenatzen zituen, eta bera izan zen gimnastika egokituko kirolarien arduraduna ere. Lan eskaintza hura iritsi eta astebeterako eman zuen baiezkoa, asko pentsatu gabe, eta 2022ko azarotik uztailera bitartean Cuencan aritu ostean, berriro herrira itzultzea erabaki zuen.
Tapizaren gainean eta pantaila aurrean ari da ibilbidea egiten Azpiazu. Atzera begira jarrita, hark nabarmendu du duela bost urte "ezinezkoa" irudituko litzaiokeela orain daukan bizimodua izatea. Gaur egun egiten duen horretan "norberaren esentziak" berebiziko garrantzia daukala gaineratu du hark: "Jendearen esanak garrantzi handia dauka Azkoitian, baina motxila hori ahal duzun heinean gainetik kentzen baldin baduzu, zoriontsuago biziko zara". •
Motzean
- Adina: 29 urte.
- Ikasketak: HHko eta LHko Gradua eta Gimnasia Erritmikoko Kirol Teknikaria 3. mailan.
- Lanbidea: Entrenatzailea.
- Eduki sortzailea ez banintz... ekitaldien antolatzailea edo suhiltzailea izango nintzateke.
- Lanetik ateratzean gogoko dut... nire bikotekidearekin eta katuarekin egotea.