Milurteko berriaren bueltan nerabezaroa igaro genuenok, egun 40 urteren inguruan gabiltzanok, ondo baino hobeto dakigu gorputz kanonaren orduko joerak zer kalte eragin zuen gizartean. Belaunaldi horretakoak garen emakumeok ondo gogoan dugu estetikaren lehen lerroan jarri zen muturreko argaltasunak zer min eragin zigun gorputzean nahiz buruan. Urteen poderioz, zorionez, joera hori zertxobait bada ere aldatzen joan dela dirudi. Erroan lehengoa mantenduta ere, bestelako gorputz batzuek edertasunaren eremua hartu dute pixkanaka, eta belaunaldi gazteek mundu mailan erreferente bihurtu diren hezur eta haragizko pertsonak ikusi dituzte azken garaiotan. Ordea, hein batean haiek sortzen laguntzen duten iruditeria berriz iraultzen hasi denaren zantzuak ageri dira orain: alarmak piztu dituzte batzuek, muturreko argaltasuna lehen lerroan delako berriz; heroin chic-a ordezkatuko duen ozempic chic-aren garaian sartu garela dirudi.
Wellness edota ongizate kulturaren sasoiotan, goitik behera zuzentzen dizkigute praktikatu beharreko ariketak, jarraitu beharreko dietak eta ahaztu ezineko errutinak. Jakinekoa da, ordea, joera hori ez dela soilik osasunari dagokiona, estetikari lotutakoa ere badela, eta zenbaiten harridurarako, irudiaren merkatuari lotutakoa ez ezik, izan daiteke politikari lotutako kontua ere. Izan ere, eskuin muturraren loraldian, generoari lotutako hainbat azterketak erakutsi dute muturreko argaltasuna ezartzea ez dela kasualitatezko joera estetikoa soilik, emakumea etxekotzeko mekanismoa ere badela. Horien arabera, gorputzaren kanonak estutzeko joera nabari da, hain zuzen, gorputzek espazio fisiko eta sozial gutxiago har dezaten; bestela esanda, finago nahi gaituzte, murritzago izan gaitezen. Esan gabe doa, gainera, indarrik gabe dagoen pertsona errazagoa izan ohi dela eraman nahi den esparrura eramatea, eta ez fisikoki soilik.
Badirudi 'heroin chic'-a ordezkatuko duen 'ozempic chic'-aren sasoian sartu garela
Irudiari lotutako bestelako joera batzuk ere erreparatzea besterik ez dago ideia horri eusteko: izan ere, beharbada ez da kasualitatea jantzietan kolore goxoak eta atseginak jarri izana modan, eta makillatzeko orduan helarazten den mezua ere antzekoa da: jar zaitez apain, baina ez dadila antzeman makillajea daramazula. Bestela esanda: ager gaitezen apal eta sotil gizartearen aurrean, jarrerarik erakutsi gabe, nabarmendu gabe, zarata askorik atera gabe.
Batzuek barre egingo dute irakurtzen ari direnaren aurrean, zenbaitek axolagabe ere igaroko dituzte hitzok, eta izango da oinarririk gabeko propaganda hutsa dela esango duenik ere. Bakoitzak nahi duena sinesten du, horretan ez dago zer eginik, baina atzo jaiotakoak ere ez gara inguratzen gaituenaz ez ohartzeko, eta hain zuzen, atzo jaiotakoak ez garenok eskarmentuz dakigu zer mamuren aurrean geundekeen.
Bien bitartean eta uda betean sartu garen honetan, gogoratu bi gauza besterik ez direla behar hondartzarako moduko gorputz batez gozatzeko: gorputz bat edukitzea, eta hondartzara joatea.