Gipuzkoako Foru Aldundiak, Gipuzkoa Zainduzen bidez, deialdi publikoa zabaldu du Urola Erdian gizarte zerbitzuen alorrean zaintzarako azpiegitura berriak sustatuko dituzten lehen sozietate mistoak eratu ahal izateko. Era berean, alor horretara bideratutako proiektuak eta bazkideak hautatuko dituzte prozesu horretan.
Urrats hori eginda hasi du aldundiaren sozietate publikoak bere jarduna. Datozen urteetan eskualdeak izango duen "erronka demografikoari erantzutea" eta pertsonak erdigunean jarriko dituen "zaintza eredua sendotzea" dira erakundearen helburuak, eta horri lotuta, baliabideak bultzatzera diseinatutako estrategia gauzatzeari ekin dio.
Gipuzkoako Gizarte Zerbitzuen 2024-2030 Maparen arabera, "zaintzako baliabide sarea indartu" egin beharko da datozen urteetan Urola Erdiko herrietan –Aizarnazabal, Azkoitia, Azpeitia, Beizama, Errezil eta Zestoa– bilakaera demografikoari erantzuteko, lurralde oreka sustatzeko eta herritarrek kalitatezko zaintzak beren inguruan jasotzen jarraitu ahal izateko.
Gipuzkoa Zainduzek sozietate mistoa eratzeko bazkidea eta etorkizuneko zaintza azpiegitura garatzeko proposamenak hautatuko ditu. Horrenbestez, interesa duten erakundeek proiektu osoa aurkeztu beharko dute: batetik, etorkizuneko ekipamendua eraikiko den gunea zehaztu beharko dute, hirigintzaren, teknikaren eta funtzionaltasunaren ikuspegitik egokia den lurzorua dutela egiaztatuz; bestetik, arkitektura proiektua, arreta eredua, ustiapen proposamena eta Euskadiko Hirugarren Sektore Sozialeko erakunde baten parte hartzea ere aurkeztu beharko dituzte.
Sustapen berria
Deialdi horren bidez Gipuzkoa Zainduzek azpiegitura berriak garatuko dituzten lehen sozietate mistoak eratzeko bazkideak eta proiektuak hautatuko ditu. Azpiegiturak amaitutakoan, Euskadiko Hirugarren Sektore Sozialeko erakundeen esku utziko dituzte, itunpeko araubidearen bidez kudeatu eta gizarte zerbitzuen sare publikoan integra daitezen.
Maite Peña Zainketa eta Gizarte Politiketako diputatuak azaldu duenez, datozen urteetan lurraldeak izango dituen beharrei "aurrea hartu" behar zaie. "Modu honetan, zaintzako sare publikoa non eta nola indartu behar dugun planifikatu dezakegu. Gipuzkoa Zainduz plangintza hori proiektu zehatzetan bihurtzeko sortu da, eskualde guztiek behar dituzten baliabideak izatea bermatzeko eta lurralde oreka handiago baterantz aurrera egiteko".
Diputatuaren arabera, identifikatuta dituzten behar gehienei erantzuten dio Urola Erdiak: "Tresna berri horren hedapenari berehala ekin ahal izango diogu, eta urrats erabakigarria emango dugu kalitatezko zaintzak, hurbilekoak eta pertsonen beharretara egokituak eskaintzen jarraitu ahal izateko behar diren azpiegiturak bultzatzeko", esan du.