Donostiako Klasikoa bihar, eskualdeko errepideetan

Andoni Elduaien 2026ko uztailaren 31

Primoz Roglic, zaleak agurtzen. (Donostiako Klasikoa)

Bihar jokatuko dute txirrindularien Donostiako Klasikoaren 45. aldiko proba. Oriotik sartuko da tropela eskualdera, eta aurrenekoz, Arroabean atera. Ordea, Azkarate mendatetik itzuliko dira berriro txirrindulariak Urola Kostara, Azkoitia eta Azpeitia zeharkatzeko. 

Txirrindularien Donostiako Klasikoa jokatuko dute bihar, abuztuak 1, eta askotan bezala, goi mailako txirrindulari onenak eskualdeko errepideetan ikusteko aukera izango da aurten ere. Donostian hasi eta Donostian amaituko da txirrindulari lasterketa horren 45. aldiko proba, baina bidean Gipuzkoako herri ugari zeharkatu beharko dituzte txirrindulariek, tartean Urola Kostako Orio, Zarautz, Getaria, Zumaia, Zestoa, Azkoitia eta Azpeitia. 

221,1 kilometroko ibilbidea osatu beharko dute txirrindulariek bihar, eta orotara, zazpi mendate igo eta esprinteko bi gune igaro beharko dituzte. Lasterketaren 16. kilometroan sartuko da proba eskualdera Oriotik, 11:35 inguruan. Segidan, Zarautz (11:45), Getaria (11:50) eta Zumaia (12:00) zeharkatuko dituzte txirrindulariek, harik eta Arroabean (12:05) eskualdea utziko duten arte.

Tropelak eskualdea utziko du une batez, Itziar eta Deba aldera joko dute-eta orduan, eguneko lehen mendatea egitera: txirrindulariek 3. mailako Kalbario mendatea igoko dute Mutrikutik Mendarora egiteko. Mendarora ailegatzean, Elgoibar aldera hartuko dute txirrindulariek, baina herri horretarako bidea hartu beharrean, Azkarate mendatera sartuko dira. Elgoibar eta Azkoitia lotzen dituen 3. mailako bigarren mendate horri egin beharko diote aurre partaideek.

Azkarate atzean utzita, 13:05 inguruan ailegatuko dira aurreneko txirrindulariak Azkoitiko herrigunera, eta saihesbidetik Azpeitia alderako errepidea hartuko dute. Antolakuntzak 13:10 aldean aurreikusi du proba Azpeitira iristea. GI-2634 errepidetik egingo dute ziklistek bide hori guztia, eta zuzenean Urraki mendatera joko dute. Txirrindulariek 2. mailako mendate hori igoz utziko dute eskualdea, eta hala Tolosaldean sartuko da.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide