Festari suziria, aldarrikapenei ahotsa

Kris Fernandez 2026ko abuztuaren 8a

AGAko kideak kalejiran, iazko txupinazoaren ondoren.

Jaiei hasiera ofiziala emateko udaletxetik botatzen duten txupinazoa baino ordubete lehenago, San Martin auzoan lehertu ohi da beste suziri bat. Azkoitiko Gazte Asanbladaren txupinazo alternatiboak festa eta aldarrikapena uztartzen ditu, jaietan ere herrian zein nazioartean pil-pilean diren gaiak mahai gainean jarrita. Andre Maria festen egunkari bereziko edukia da honako hau.

Azkoitiko andremarietan badira urteen joanarekin sendotu diren ohiturak, eta horietako bat da Azkoitiko Gazte Asanbladaren (AGA) txupinazo alternatiboa. Udaletxeko balkoitik suziria jaurti baino ordubete lehenago, San Martin auzoan elkartzen dira dozenaka lagun festei hasiera emateko, baina baita mezuak eta aldarrikapenak plazaratzeko ere. Festa eta protesta uztartzen dituen hitzordu hori urtez urte lekua egiten joan da egitarau ez ofizialean, eta herritar hainbatentzat dagoeneko jaietako lehen ekitaldia bihurtu da.

Gazte Asanbladak duela lau urte hartu zuen txupinazo alternatiboa antolatzeko ardura, baina hitzordu horrek ibilbide luzeagoa du. Aurretik beste hainbat eragilek jardun zuten horretan, herriko jaiak ofizialki hasi baino lehen herritarrei elkartzeko eta aldarrikapenak kaleratzeko aukera eskaintzen, alegia. Antolatzaileen esanetan, belaunaldiak eta antolatzaileak aldatu diren arren, ekimenaren funtsak bere horretan jarraitzen du; hain zuzen ere, txupinazoa, ospakizunerako une bat izateaz gain, hausnarketarako eta salaketarako gune bat izatea ere nahi dute. "Udalaren ekitaldi instituzionalez gain,  herriko gazteek antolatutako gune eta espazio propioak beharrezkoak zirela ikusten genuen, jaiak eta aldarrikapenak uztartzeko helburuarekin. AGAko kideok asmo horrekin hartu genuen txupinazo alternatiboaren ardura", agertu du taldeko kide den Ekaitz Albertek.

Txupinazoaz baliatzen dira norbait omentzeko edota unean-unean puri-purian diren aldarrikapenei eta borrokei ikusgarritasuna emateko. Horrela, "elkartasuna, autogestioa, auzolana, parte hartzea eta antolakuntza kolektiboa" dira helarazi nahi dituzten balio nagusiak. Festei hasiera modu herrikoi eta parte hartzailean ematen diete, omenaldi eta guzti. Urtean zehar izandako ekimen edo afera garrantzitsuak nabarmentzen dituzte, eta aurten, Azkoitiko Gaztetxea lortu izana eta lan baldintza duinen aldeko aldarrikapena izango dira horiek. "Gaztetxeko kide batek eta etxez etxe zaintza lanetan ibiltzen den emakume batek jaurtiko dute txupinazoa, alde batetik, gaztetxea lortu izana zoriontzekoa delako, eta gazteok gure beharrak eta interesak asetzeko jarduerak antolatzeko oso gai garela erakutsi dugulako, eta bestetik, etxez etxekoen lan baldintzak oso eskasak direlako", esan du Albertek. 

Urtez urte txupinazo alternatiboa gero eta jende gehiagorengana iristen ari denaren sentsazioa dute Gazte Asanbladako kideek, eta gustura ageri dira, festak beste modu batera bizitzeko aukera eskaini nahi baitute. AGAk aurten lortu du gaztetxea izatea, zehazki martxoan, Julio Urkixo kalean garai batean Lidl saltokia egon zen eraikinaren goiko solairua okupatuta, eta han egin duten lana horren adierazle dela uste du Albertek. "Pertsona askoren parte hartzeari esker, mota desberdinetako jarduerak antolatzen ari gara bertan. Gainera, bermatu ditzakegu jai seguruak, errespetuan oinarritutakoak eta erasorik gabekoak, eta giro oso ona sor dezakegu".

Giro ona eta segurua dira AGAren oinarriak. San Martin auzoan jaurtitzen dute suziria, hamaiketakoa egiten duten bitartean, eta ondoren, trikiti doinuek lagunduta kalejiran joaten dira herriko plazara, festan jarraitzeko asmoarekin, eta hala nahi duenak, udaletxeko txupinazoa ikusteko aukera izaten dute. "Gure txupinazoa alternatiba bat da; egiteko modu eta ikuspegi guztiz desberdinak dituzte bi suziriek. Gureak herri mugimendua, autogestioa eta parte hartzea ditu oinarrian, baina ez dugu antolatzen udalaren txupinazoaren kontra egiteko ekimen bat bezala; izan ere, herriko festetan era askotako proposamenak izatea aberasgarria dela uste dut. Gaztetxearen harira udalarekin desadostasunak ditugun arren, gure helburua ez da errua udalari botatzea; gure asmoa da gazteek eta horren gazteak ez direnek ikustea hor gaudela, beste erakunde bat garela, espazio bat dugula eta espazio horrek herriari ekarpen handia egin diezaiokeela".

Horretarako, lan eta bilera asko egiten dituzte aurreko hilabeetan, gauza asko erabaki eta antolatu behar izaten dituztelako: txupinazoa prestatzea, txosnak, musika, materiala, mezuak... "Zorionez", ondo koordinatuta egiten dute lana: "Ez dira data oso onak, oporrak izaten baitira tartean, eta gainera, ez gara beti pertsona kopuru berdina ibiltzen antolaketa lanetan. Hala ere, denon parte hartzearekin eta kudeaketa egokiarekin, dena ondo joaten da. Urtez urte, gainera, gero eta gazte gehiago izaten dira prest antolaketa lanetan aritzeko, eta lan handia izaten den arren, dena txukun kudeatzen dugu".

Txosnaguneko aukera

Txupinazo alternatiboa ez da AGAk andremarietarako prestatzen duen ekimen bakarra. Aurten ere haien esku egongo da txosnagunea, eta hainbat egunetarako kontzertuak, DJ saioak eta bestelako ekitaldiak antolatu dituzte. Helburua da jaietako eskaintza osatzea eta gazteei nahiz herritar guztiei elkargune bat eskaintzea, musika, kultura eta giro parte hartzailea uztartuta.

Abuztuaren 14an, San Martinen txupinazoa bota ondoren, plazara jaitsiko dira kalejiran, eta ordurako karropoteoa eta arratsalderako DJ saioak prestatu dituzte. Andre Maria egunean, bi kontzertu izango dira txosnagunean; abuztuaren 16rako, Gazte Egunerako, bermuteo musikatua antolatu dute lehenbiziko aldiz; hilaren 17rako, mus txapelketa; eta 18rako, beste berrikuntza bat: kontzertuen ondoren, herritarrek aukera izango dute gustuko dituzten abestiak proposatzeko.

Honako lotura honetan ikus daiteke egitarau osoa.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide