Andremarietarako egitaraua prest dute txosnaguneko eragileek

Julene Frantzesena 2026ko abuztuaren 5a

Hainbat lagun iaz Azkoitiko txosnagunean. (Aitziber Arzallus)

AGA, IAS, Itaia, EHKS eta GKS eragileek egitarau oparoa prestatu dute abuztuaren 14tik 18ra bitarterako. Txupinazo alternatiboa San Martinen botako dute Gaztetxeko kide batek eta etxez etxeko langile batek, eta festetan murgilduko dira segidan. 

Astebete pasatxo falta da andremariak iristeko, eta Goiko Losan kokatuko duten txosnaguneko eragileek dagoeneko prest dute jaietarako egitaraua. Azkoitiko Gazte Asanbladak (AGA), Ikasle Antolakunde Sozialistak (IAS), Itaiak, Euskal Herriko Kontseilu Sozialistak (EHKS) eta Gazte Koordinadora Sozialistak (GKS) askotariko hitzorduak prestatu dituzte abuztuaren 14tik 18ra bitarterako.

Ohiko legez, San Martin auzoan botako dute txupinazo alternatiboa festa egitarau horren sustatzaileek. Aurtengoan, Gaztetxeko kide batek eta etxez etxe zaintza lanetan ibiltzen den emakume batek botako dute suziria, 11:00etan. Gero, plazara jaitsiko dira herritarrak trikitilariek lagunduta, eta karropoteoa eginda, lehen hitzordua izango da Goiko Losako txosnagunean: DJ emanaldiak.

Andre Maria bezperako ekitaldien ondotik, egunero izango dira ekitaldiak txosnagunean nahiz haren inguruan. Besteak beste, bazkaria, kontzertuak eta mus txapelketa egingo dituzte.

Honako hau da aurtengo jaietarako prestatu duten egitaraua:

Abuztuaren 14a, Andre Maria bezpera

  • 11:00. Txupinazo alternatiboa.
  • 11:30. Plazara jaitsiera, trikitilariekin.
  • 12:00. Karropoteoa.
  • 17:00. Imuntzo, Matxo, Kintana, Albi, Anti X, Murxi eta Galdo DJen emanaldia.

Abuztuaren 15a, Andre Maria eguna

  • 00:30. Lepue Zapaldu taldearen kontzertua.
  • 01:30. Yakovlev 42 taldearen emanaldia.

Abuztuaren 16a, Gazte Eguna

  • 12:30. Vermuteo musikatua.
  • 14:30. Gazte bazkaria.
  • 16:30. La Ruina.
  • 18:00. Elektrokelaren emanaldia.
  • 01:00. GZKL eta Lurrikara taldeen emanaldiak.
  • 02:00. Txumba.

Abuztuak 17, ostirala

  • 16:00. Mus txapelketarako izen-ematea.
  • 17:00. Mux txapelketa.

Abuztuaren 18a, Kuadrillen eguna

  • 23:00. Lukiek taldearen kontzertua
  • 00:00. Aibofobiaren emanaldia.
  • 01:00. Playlist irekia.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide