Iritzia

Gora andramaixek!

Ana Azkoitia (Azkoitiko alkatea) 2026ko abuztuaren 13a

Ana Azkoitia alkatea.

Ana Azkoitia Azkoitiko alkateak Azkoitia Gukak Andre Maria festen egunkarirako idatzitako edukia da honako hau.

Azkenaldian dena zeharo azkar eraldatzen ari den sentipena dut. Gizakiok aldaketak asimilatzeko dugun gaitasuna eta horretarako behar dugun denbora baino abiadura azkarragoan bizi gara. Pertzepzio horrek izango du adinarekin ere lotura. Kontuak kontu, gauzak, ingurua, mundua izugarri aldatzen ari diren bitartean, pertsonontzat oinarrizkoa denak oinarrizkoa izaten jarraitzen du. Festetako argazkiek esaten didate gauza batzuk ez direla sekula aldatuko. Lehenengo parranda eta azkenengo gaua, lagunarteaz gozatzeko grina edo konpainia falta, neurriz kanpoko jan-edana, txupinazoko zirrara, taberna zuloko iluntasuna eta kaleko bizipoza, zeozer bilatu nahia eta zeozer aurkitzeko esperantza.

Ez dut esango festek bizitza aldatzen dutenik. Emozio iturri dira, ordea. Poz beharrean dagoenarentzat, asetzeko bide. Eta gauza guztiek bezala, herriko jaiek ere bi alderdi dituzte. Batzuek Andre Maria jaiez gozatzen duten bitartean, beste asko eta asko lanean aritzen dira. Ostalariak, kale garbitzaileak, udaltzainak, Gurutze Gorriko boluntarioak, komunikabideetako kazetariak, barraketako langileak, Musika Bandako eta Txalkor txistulari taldeko kideak, erraldoien eramaileak eta buruhandiak, eta finean, festetako egitarauaren baitan antolatzen diren edozein ekintzen atzean dauden gizonak eta emakumeak. Haiek gabe, ez dago festarik. Bidezkoa da, beraz, eskerrak ematea.

Eta zuek gabe ere ez dago festarik. Festak benetako festa izateko herritarrak behar ditu. Jaiez gozatzera kalera aterako diren haurrak, gazteak eta helduak. Ondo pasatzeko eta ondokoei ondo pasarazteko gogotsu dauden herritarrak. Festak errespetu osoz biziko dituzten herritarrak. Gorrototik, matxismotik eta indarkeriatik urrun. Umorea eta giro ona nahi ditugu.

Dantzatu oinak mindu arte. Egin barre lehertu arte. Bizi kale giroa loak hartu arte. Eta gozatu aurtengo andramaixek agurtzea tokatzen den arte.

Gora bihotzak! Gora Azkoitti! Gora andramaixek!

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide