Urola Turismoak antolatuta, bisita gidatuak izango dira asteburuan herrian. Azkoitia: dorretxe eta jauregi artean izeneko bisita antolatu dute bai zapaturako, bai iganderako. Zapatuan, abuztuak 1, bisita gazteleraz eskainiko du Vicente Davilak, eta igandean, abuztuak 2, Ander Ugartek euskaraz emango ditu azalpenak. Eliz atarian 11:00etan hasiko dira bisita gidatuak, eta ordu eta erdi inguruan herrian zehar dauden jauregiak eta dorretxeak igaroko dituzte parte hartzaileek.
Erdi Aroan sortutako hiribildua da Azkoitia, jauregi eta dorretxe asko dituena. Eraikuntza bakoitzak bere historia du, baita istorio interesgarri asko ere. Hori hala, herriaren eta Gipuzkoaren iragana ezagutzeko aukera eskainiko dute bisitek. Nolanahi ere, bisitan parte hartzeko izena eman beharko da aldez aurretik. 943-15 18 78 edota 688 75 94 29 telefono zenbakietara deitu edo i-loiola@urolaturismoa.eus helbide elektronikora idatzi beharko da izena emateko.