Abuztuaren 15ean, Andre Maria egunean, punta-puntako pilota partidak izango dira Gurea pilotalekuan. Hain zuzen ere, Caixabank Masters txapelketako laugarren jardunaldiari dagozkion partidak jokatuko dituzte, 17:15ean hasita, eta dagoeneko jakinarazi dute zeintzuk izango diren kantxan ariko diren pilotariak. Aurreneko norgehiagokan, bigarren mailakoan, Muruak eta Eskirozek Amianoren eta Gabirondoren kontra neurtuko dituzte indarrak. Bigarrenean, berriz, lehen mailakoan, Altuna III.a eta Imaz Larrazabalen eta Zabaletaren kontra ariko dira.
Pilota jaialdi horretarako sarrerak dagoeneko jarri dituzte eskuragai, lotura honetan. 25 euro eta 35 euro artean balioko ditu bakoitzak, tokiaren arabera: partida harmailetatik edo errebotetik ikusteko sarrerak 25 euro balioko ditu; kantxatik ikusteko sarrerak, berriz, 35 euro. Interneteko salmentan sarrera guztiak agortzen ez badira, partiden egunean bertan Gureako leihatilan sarrera erosteko aukera ere egongo da.