Larrañagak irabazi du Blitz Anaitasuna Kakute txapelketa

Aitziber Arzallus 2026ko uztailaren 27a

Atzoko txapelketako irabazleak, garaikurrak eskuetan zituztela. (Anaitasuna Kakute xake taldeaa9

Bederatzi partidatan 7,5 puntu eskuratu zituen irabazleak, bigarren eta hirugarren gelditu ziren Juan Carlos Valorrek eta Juan Cruz Fernandezek baino puntu erdi gehiago.

Jose Joakin Larrañaga izan zen atzo nagusi Azkoitiko Kultur Etxean jokatu zuten Blitz Anaitasuna Kakute xake txapelketaren 30. edizioan. Jokaldi bakoitza egiteko hiru minutu eta bi segundo izan zituzten jokalariek, hori izan zen atzoko saioko berezitasuna, eta jokatutako bederatzi partidan 7,5 puntu pilatuta, Larrañagarentzat izan zen garaipena. Puntu erdi gutxiago batu zituzten bigarren eta hirugarren gelditu ziren Juan Carlos Valorri eta Juan Cruz Fernandezi. 

Guztira 25 lagunek parte hartu zuten atzoko Azkoitiko saioan; herrikoak horietako asko, baina baita Eibartik (Gipuzkoa) joandakoak ere. Lehiari ekin aurretik minutuko isilunea egin zuten denek duela egun batzuk Hondarribian (Gipuzkoa) hildako Mariano Otero xakelaria gogoan. 

Ostiralean, berriz, Azkoitiko hainbat xakelari gaztek Bergarako (Gipuzkoa) IV. Gazteen Xake Txapelketa jokatu zuten. 24 lagunek parte hartu zuten guztira, eta irabazlea Durangoko (Bizkaia) Ekain Bengoetxea izan bazen ere, azkoitiarrek oso lan txukuna egin zuten. Luken Pascualek bigarren lekuan bukatu zuen lehia, Aritz Hidalgok seigarrenean eta Bera Pascualek zazpigarrenean.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide