Sahatsa dantza taldeak botako du andremarietako txupinazoa

Ane Olaizola 2026ko uztailaren 24a

Sahatsa dantza taldea, joan den San Joan bezperan, suaren ondoan dantzan. (Julene Frantzesena)

50. urte bete dituen dantza taldea hautatu du udalak andremarietan suziria botatzeko, egindako ibilbide "sendoagatik" eta euskal dantza tradizionalak, nortasuna zein kultura zabaltzeko konpromisoagatik. 

Mende erdiko ospakizun betean da Sahatsa, eta Azkoitiko Udalak bailarako dantza taldea hautatu du datozen Andre Mari festetan suziria botatzeko. Hala jakinarazi du gaur erakundeak, taldeak azken bost hamarkadetan euskal folklorea "gorenera" eraman duela azpimarratuta. Hori hala, 1976. urtetik egindako ibilbidearen aitortza gisa, dantzariak izango dira abuztuaren 14an udaletxeko balkoira igoko direnak, festak leherraraziko dituen txupinazoa botatzera.

Ana Azkoitia alkateak adierazi du Sahatsak "ondo merezita" duela aitortza publikoa jasotzea, bere ibilbide "sendoagatik" eta "gure dantza tradizionalak, txistua eta danbolina gisako musika tresnak zein gure nortasuna eta kultura" zabaltzeko egindako "apustu irmoagatik eta konpromisoagatik". Haren arabera, Sahatsa "herriaren esentziaren parte" da, euskal tradizioaren eta kulturaren "igorle bizia". "Era berean, omenaldi txiki hau merezi du herri honi gozarazteagatik bere dantza eta musika emanaldi dotoreekin. Horregatik guztiagatik, aurtengo txalo zaparrada Sahatsarentzat izatea nahi dugu, eskertze gisa, eta ez dago horretarako une hobeagorik plaza gainezka eta herriko jaiak hastear direla baino", gaineratu du alkateak.

Andremarietakoa ez da aurreneko aldia izango Sahatsak udalaren aitortza jasoko duena: 40. urteurrenean, duela hamar urte, Sahatsako dantzariek piztu zuten San Joan bezperako sua, eta 2022an, udalak banatu zuen I. Kultura Saria jaso zuen taldeak, "euskal folklorearen sustapenean" egindako ekarpenarengatik. Era berean, aurtengo haurren danborradako karroza ere Sahatsari eskainitakoa izan da. 

Sahatsa, urteurrenean murgilduta

Sahatsak 50 urte bete dituen honetan, taldeak Urrestillan, sorlekuan, hasi zituen urteurreneko ospakizunak ekainean, eta ordutik, atsedenik hartu gabe dabil ikuskizun bereziak han eta hemen plazaratzen. Irailean, gainera, Sahatsa 50 jaialdia aurkeztuko du dantza taldeak Azkoitian eta Azpeitian: irailaren 19an, Azkoitiko plazan arituko dira; eta irailaren 26an, Azpeitikoan. Lehengo eta egungo dantzariek nahiz musikariek emango dute ikuskizun hori bi herrietan.

Azaroan, Azkoitiko San Andres jaien bueltan, berriz, bi urtez behin aurkeztu ohi duten lana taularatuko dute Baztartxo antzokian. Aurten, Sahatsa 50 ikuskizuna aurkeztuko dute han, Azkoitiko Musika Bandak eta Iraurgi abesbatzak lagunduta.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide