Euri jasak barrurako bidean jarri du umeen danborrada

Mailo Oiarzabal 2026ko apirilaren 11

Hasieran kale buelta egiteko asmoa azaldu badute ere, azkenean plazatik Gureara zuzenean joatea erabaki dute antolatzaileek, eta pilotalekuan eskaini dute ikuskizuna danbor jotzaileek eta gainerako protagonistek.

Zapatu arratsaldea neguz mozorrotuko zela zioen eguraldiaren iragarpenak eta, Azkoitiko haur danborradaren partaideen eta antolatzaileen zorigaitzerako, ez du hutsik egin. Arratsaldeko euri jasa etengabeak guztiz baldintzatu du umeen danborrada. 15:45 aldera antolatzaileek kale buelta laburra behintzat egingo zutela iragarri badute ere, azkenean plazatik Gurea pilotalekurako bidea izan da kalez kale egin duten bakarra, denak mela-mela egiteko lain, eta pilotalekuan egin dute festaren zati nagusia.

17:00etarako minutu batzuk baino gelditzen ez zirenean hartu dute azken erabakia antolatzaileek. Euri arriskua dagoenerako plastikoak soinean zituztela, Azoka Plaza barruan zain zeuden danborradan irten diren 200 bat umeak; tartean, karrozan joan behar zutenak. Sahatsa dantza taldearen 50. urteurrenari eskainitako karroza plazaraino ekarri dute danborrada hasi aurretik, baina ez da umerik igo hara. Karrozatik bota behar zituzten gozokiak eta konfetia banderadun nagusiaren atzean jarrita joan dira barreiatzen dantzariz jantzitako LH 1eko haurrak. Eta segizioa ixten, txorizoak lepotik zintzilik, sukaldari txikiak.

Gureara iritsita, protagonistek barruan euritakoak kendu eta tokia hartu bitartean zain egon dira ikusleak atarian, aterkipeetan. Ateak ireki dituztenean, harmailak betetzen joan dira pixkanaka. Danborradakoak eta ikus-entzuleak iristerako, frontoiko kantxan zeuden Oñatitik gaurkorako espreski ekarri dituzten dantzarien erraldoiak. Haien aurrean jarri dira musika bandakoak, danborradaren pieza guztiak bata bestearen atzetik jotzeko.

Ordubete eskasean bukatu da danbor festa, baina ez festa bera. Izan ere, merienda ederraz gozatzeko aukera izan dute pilotalekuan bertan danborradako protagonista guztiek. Gukak jarri duen photocallean argazkiak ateratzeko ere baliatu dute unea haur askok; argazki horiek bihar argitaratuko dira Azkoitia Guka webgunean.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide