Azkoitikoak ere izan dira Euskal Herriko udal hautetsien Bergarako topalekuan

Nerea Uranga 2026ko uztailaren 19a

Ana Azkoitia alkatea eta Asier Altuna zinegotzia, gaur Bergarako ekitaldi instituzionalean. (Azkoitiko Udala)

Foruen abolizioaren 150. urteurrena eta Bergarako Alkateen Mugimenduaren 50. urtemuga gogoratzeko ekitaldi instituzionala egin dute gaur Bergaran, Euskal Herriko berrehun bat udalerritako ordezkariek. Azkoitiko udal ordezkari gisa Ana Azkoitia alkateak eta Asier Altuna zinegotziak parte hartu dute.

Euskal Herriko berrehun bat herritako alkateak, zinegotziak, herri erakundeetako ordezkariak eta Nafarroako zein EAEko legebiltzarretako kideak eta foru aldundietako, batzar nagusietako eta Eusko Jaurlaritzako ordezkariak bildu dira gaur Bergarako Usondo parkean (Gipuzkoa); tartean izan dira Azkoitiko alkate Ana Azkoitia (EAJ) eta Asier Altuna zinegotzia (EH Bildu). Bi urtemuga gogoan hartuta egin dute gaurko ekitaldi instituzionala: uztailaren 21ean 150 urte beteko dira Espainiako Gorteek euskal lurraldeetako Foruak abolitu zituztela, eta 50 urte beteko dira Bergaran Alkate Mugimenduaren kideak bildu zirela.

Bergarako Seminarixotik irten dira udaletako ordezkariak ilaran, alkate makilak edo zumitzak nahiz udalerrietako banderak eskuetan zituztela, Usondo parkerainoko bidea egiteko. Parkean borobil bat osatuta eseri dira, ekitaldia hasteko. Ekitaldian, Gipuzkoako ahaldun nagusi Eider Mendozak eta Bergarako alkate Gorka Artolak hartu dute hitza.

Diputatu nagusiak foruen deuseztea "bidegabea" izan zela adierazi du eta Francoren diktadura bukaeran sortutako Alkateen Mugimenduan ekarpena egindakoen lana aitortu du. Etorkizunera begira jarrita, herri erakundeen egitekoa "indartzearen" alde eta autogobernua "zabaltzearen" alde egin du Mendozak: "Euskal lurraldeoi dagokigu gure burua gobernatzeko eskubidea, autogobernu hori etenik gabe berritzeko eta garatzeko eskubidea". Horretarako, herriaren memoria "gordetzea eta zaintzea" eta belaunaldi berriei transmititzea "mugarri" direla azpimarratu du.

Mendozaren ondoren, Gorka Artola Bergarako alkateak hitz egin du ekitaldian, nabarmenduz "kolore politiko desberdinak, ideia desberdinak" dituztenak batzea "ona" dela. "Demokraziaren aberastasuna da", esan du. "Bada partekatzen dugun zerbait: gure herriek aurrera egitea nahi dugula, herritarren ongizatea hobetzea nahi dugula eta gure udalerriak etorkizunerako prestatzea nahi dugula. Horixe izan zen, neurri handi batean, 1976ko alkate haien mezua ere: aniztasunetik, herri baten etorkizuna eraikitzeko borondatea". Etorkizunean Euskal Herria herritar libreen komunitatea izateko, Euskal Herriak burujabetza handiagoa izateko, nork bere eremutik "lanean jarraitzeko konpromisoa" hartu behar duela esan du Artolak. "Orduan bezala, gaur ere erronka berriei aurre egin behar diegu. Horretarako, euskal herritarren ahotsak bere lekua izan behar du; hitzaren eta erabakiaren jabe izan behar dugu. Euskal Herriak autogobernu eta burujabetza handiagoa behar ditu bere etorkizuna herritarren borondate demokratikoaren arabera antolatzeko".

Segidan, Bergarako Alkateen Mugimenduko kide izan eta bizirik dauden bost alkateei omenaldia egin diete, honakoak dira horiek: Jose Luis Elkoro Bergarako alkate ohia, Jose Antonio Altuna Txatillo, Arrasateko alkate ohia (Gipuzkoa), Javier Errazti Eskoriatzako alkate ohia (Gipuzkoa), Luis Mari Ajuriagerra Otxandioko alkate ohia (Bizkaia) eta Ramon Lopetegi Belauntzako (Gipuzkoa) alkate ohia.

Bergarako Euskal Herriko udaletako ordezkarien ekitaldi instituzionala dantza, musika edota abesbatzen emanaldiekin borobildu dute.

(Argazkiak: Goiena, Gipuzkoako Foru Aldundia, Azkoitiko Udala eta utzitakoak)

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide