Eraldatzen eta Latzen taldeek kontzertu bana eskaini zuten atzo gauean Azkoitiko plazan, eta jendetza batu zen horien metal musikaz gozatzera. Udalak eta Um Blem Ble tabernarien elkarteak uztailerako antolatu ohi duten kontzertu emanaldiaren barruan eskaini zituzten beren musika doinuak Oñatiko (Gipuzkoa) eta Azkoitiko taldeek.
Eraldatzen taldeak duela urtebete eskas kaleratu zuen bere lehen lana. Taldearen izena darama diskoak, eta intro edo sarrerako abesti batez gain, bederatzi abesti biltzen dituen disko auto-ekoiztua da haiena. "Indarra, nortasuna eta arima" duten euskarazko letra "zainduak" uztartzen dituzte bere-bereak dituzten punk-hardcore, rock eta metal soinuekin. Iñaki Odriozola (ahotsa) azkoitiarra, Oihan Otaegi (baxua) nahiz Nestor Aguado (gitarra) azpeitiarrak eta Mikel Indo (bateria) daude Eraldatzen musika taldearen atzean.
Latzen musika taldea, berriz, Aitor Uriartek (ahotsa eta gitarra), Joxemari Azpitartek (baxua), Gorka Lazkanok (bateria) eta Yerko Ortizek (gitarra) osatzen dute, eta Denboraren orbainak azken lana aurkezteko abian duten biraren barruan egin dute geldialdia Azkoitiko plazan.