Aitor Uriarte: "Agerikoa da diskoan urteek emandako esperientzia"

Andoni Elduaien 2026ko uztailaren 17a

Latzen musika taldeko lau musikariak. (IƱigo Malvido)

Azkoitiko plazan joko du Latzen musika taldeak bihar (22:00), herriko Eraldatzen taldearekin batera. 'Denboraren orbainak' diskoa aurkezteko baliatuko dute hitzordua.

Latzen musika taldea bere hirugarren aroan murgilduta dago. Aitor Uriartek (ahotsa eta gitarra), Joxemari Azpitartek (baxua), Gorka Lazkanok (bateria) eta Iker Martinez de Zuazok (gitarra) abiatu zuten proiektua 1993an, eta sei urtean bi disko argitaratu zituzten: Kontzientzia ala infernua eta Ardi larruz. 2007an itzuli ziren musikariak berriro agertokietara; urtebetez hainbat kontzertu eman eta Hellmuga izeneko ikus-entzunezkoa grabatu zituzten. 

Taldeak iaz abiatu zuen bere hirugarren aroa; Martinez de Zuazoren ordez, Yerko Ortizek gitarra hartuta. Denboraren orbainak izeneko diskoa ondu zuen orduan Latzenek, eta urtarrilaz geroztik, hura aurkezteko bira ari dira egiten Euskal Herriko eta Espainiako Estatuko hainbat metal jaialditan. Uriartek (Oñati, Gipuzkoa, 1976) bihar Azkoitian emango duten kontzertuaren nondik norakoak azaldu ditu. 

Zer sentipen izan duzue Denboraren orbainak kaleratu eta gero? 

Urte asko pasatu dira. Hasieran, izan genituen geure zalantzak; izan ere, jendea bera eta horien gustuak aldatzen doaz. Dena den, gure sentipena ezin hobea izan da, eta oso gustura gaude. Duela urtebete eskas izan zen gure itzulerako kontzertua Bilboko Zorrotzako gaztetxean, eta Hatortxu Rock jaialdian ere izan ginen. Gero, gainera, diskoa grabatzen hasi ginen. Ordutik hona gelditu ere egin gabe ibili gara; dena frenetikoa izan da. Ordea, horren denbora gutxian egin dugun lan horri guztiari begira jartzen hasten garenean, pozarren sentitzen gara. 

2026. urte honetan, berriz, Denboraren Orbainak Tour izeneko biran sartuta gabiltza, eta ikusten dugu oraindik gure zalea den jende hori hor dagoela; harrera ezin hobea egin digute, eta gozatzen ari gara.  

"Egungo abestiak duela 30 urte sortutakoak ere izan zitezkeen"

Nola deskribatuko zenuke disko berria? 

Lau kide hasi ginen proiektuan, baina, egun, hiruk segitzen dugu [Aitor Uriartek, Joxemari Azpitartek eta Gorka Lazkanok], Yerko Ortiz gitarra jotzaile berriarekin batera. Betidanik gurekin aritu balitz bezala moldatzen da hura dagoeneko, gutariko bat gehiago da. Diskoa grabatzerakoan, garbi genuen heavy musika eta rock gogorra jorratu nahi genituela, eta horrela izan zen. Sorpresa izan zen, gainera, konposizio lanetan-eta ikusi genuela gure barruan aurreko urteetako eraginak ditugula. Uste dut urteek eman diguten esperientzia agerikoa dela diskoan, baina lehenagoko Latzen ere suma daitekeela. Oso ilusionatuta gaude, harrera polita izan du-eta diskoak.  

Diskoak izen indartsua dauka. Zer orbain utzi dizkizue denborak pertsona eta talde gisa, eta nola islatu dituzue kantuetan? 

Urteek aurrera egin ahala, orbainak batzen ditugu guztiok, batzuek handiagoak eta besteek txikiagoak. Batzuk orbainduago daude, eta beste batzuk, ez horrenbeste. Ordea, bizitza honetan dena da esperientzia, eta horrek nahiz pilatuta ditugun orbain horiek guztiek ahalbidetzen digute gaur egungo Latzen izatea.

Zuen taldearen soinuak betiko nortasuna mantentzen du, baina, aldi berean, gaur egungoa ere bada. Erraza egin al zaizue iraganeko eta egungo Latzenen artean oreka aurkitzea?  

Ederrena izan da ezer bilatu gabe izan dela horrela. Nahi genuen jakitea edo, bestela esanda, bagenuen gure artean nolabaiteko kuriositatea, gaur egun gure barrenean zer zegoen ikusteko. Eta, hara: lehenagoko Latzenen ukitua duen zerbait atera da. Esan nahi dut, gaur egun sortutako abesti horiek duela 30 urte sortutakoak ere izan zitezkeela. Are gehiago, orain dela ia 30 urteko zenbait abesti berreskuratu ditugu orain, horiek pixka bat gaur egunera ekarriz. Lau pistako kasete zahar batean grabatuta utzi genituen aspaldi zenbait abesti, hirugarren diskoa izan behar zen hartarako ondutako kantuak. Horregatik ere badiot lehengo Latzen ere badagoela oraingo proiektuan. Dena den, gaur egun eta zerotik egindako abestiak ere bildu ditugu azken lanean.  

"Saiatuko gara bihar abesti zaharren eta berrien arteko oreka bilatzen"

Diskoa aurkezteko egiten ari zareten birako geldialdia egingo duzue Azkoitian. Zer-nolako kontzertua espero behar du publikoak? 

Kontzertuan saiatuko gara abesti zaharren eta berrien arteko oreka bilatzen. Kantu berriak joko ditugu, noski, Denboraren orbainak diskoa aurkezteko biran gaudenez gero. Hala eta guztiz ere, ezin gara ahaztu lehengo jendeak oso gogoko dituela aurreko diskoetako kantuak, eta horiek ere joko ditugu. Helburua da jai giroa sortzea eta denok ondo pasatzea.  

Euskal rock eta metal eszenak asko aldatu dira azken hamarkadetan. Nola ikusten duzu egungo panorama? 

Metal munduko jendea oso fidela da. Jende fidel asko aurkitu dugu bidean; fideltasun hori sumatu dugu gure emanaldi guztietan. Ordea, sorpresa izan da jende gaztea ere hurbildu dela. Gero eta gazte gehiago ikusten dugu Latzenen kamiseta soinean jantzita. Ilusio berriekin gabiltza gu, eta hori ikustea ere ederra egiten zaigu. Biharko kontzertuan ere denetik aurkituko dugulakoan nago.   

Azkoiti-Azpeitiko Eraldatzen taldearekin batera joko duzue.  

Guretzat ohorea da herriko talde batekin batera aritzea oholtzan. Haiek bezala, guk ere badugu ilusioa, eta ea bi taldeon artean jai polita egiterik dugun. Gainera, nabarmendu nahi nuke Euskal Herrian badaudela metal munduko talde batzuk, nolabaiteko erresistentzia bat, eta ederra da hori. Denon artean metal munduari bere lekua ematea lortzen badugu, interesgarria izango da euskal musikaren panoramarako. Bestelako musika dezente dago, baina metalak, rock gogorrak eta heavyak beren lekua izan behar dute.  

"Musikaren funtsa da bere bidez jendeari zerbait transmititzea"

Zer gustatuko litzaizuke jendeak biharkoa eta gero etxera eramatea? Zer saiatzen zarete publikoari ematen? 

Gu saiatzen gara beti oholtza gainean dugun dena ematen. Gure nahia izaten da jendeari zerbait sentiaraztea, eta hori lortzen badugu, gure helburuetako bat beteko dugu. Azken finean, musikaren funtsa da jendeari zerbait transmititzea, eta hori lortzen badugu, eta gainera, sentsazio edo sentimendu batzuk pizten edo berpizten baditugu, guretzat gauza handia litzateke.  

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide