Areto futbola festarekin uztartuko du gaur Azkoitiko Tta-kun areto futbol taldeak, V. Beltzen Egunean. Egun guztirako antolatu dituzte jarduerak, eta harrera beroa izan dute eguerdira arteko ekintzek. Umeentzako jolasekin hasi dute eguna, eta afizioaren finaleko nahiz Beltzen Torneoko finaleko partidak jokatu dituzte ondoren, Elkarguneko kiroldegiko kantxako harmailak leporaino beteta dituztela. Mokoluatarrak eta Aizpurutxo taldeak aritu dira nor baino nor torneoko final handian, eta Aizpurutxo izan da aurtengo txapelduna.
Partiden ostean sariak banatu dituzte kantxan bertan, eta kalera atera dira denak ondoren, elastiko beltzak soinean dituztela. Joselontxos txarangaren txanda izan da jarraian. Tta-kun tabernaren aurrean hasi eta Alde Zaharrean barrena ibili dira txarangakoak kalejiran, beltzez jantzitako herritarrak atzetik dituztela.
Festak jarraipena izango du arratsaldean ere; Oteiza frontoietako bazkariaren ostean, musika izango da nagusi iluntzera bitartean. Hona hemen Beltzen Eguneko arratsaldeko egitaraua:
- 14:30. Bazkaria, Oteiza frontoietan.
- 16:30. Bazkarikoak jasotzea: mahaiak, eserlekuak, zaborra...
- 17:00. Sari banaketa, Oteiza frontoietan.
- 17:30. DJ Uxin b2b Cabatronik, Oteiza frontoietan.
- 19:00. Sakatu elektrotxaranga, Oteiza frontoietan hasi eta kalean behera.