Egindakoaz "harro" amaitu du ibilbidea Tta-kun taldeak

Ane Olaizola 2026ko uztailaren 15a

Skapaie elektrotxarangak iazko Beltzen Egunean utzitako irudia. (Utzitakoa)

Zazpi urteko etapa ixtea erabaki du areto futbol taldeak, bide oparoa eginda eta helburuak beteta. Azkenekoa izan daitekeen Beltzen Eguna izango da larunbatean. 

Zazpi urteko ibilbidearen ostean, taldea desegitea erabaki du Azkoitiko Tta-kun areto futbol taldeak, bidea amaitzeko unea iritsi dela sentitu baitute jokalari gehienek. Jakin badakite taldeak ibilbide oparoa egin duela azken urteetan, eta kirol emaitzez gaindi, bestelako helburuak ere bete dituztela; herrian areto futbolak tokia irabaztea, esaterako. Taldeak erakarri dituen ehunka zaleei esker oneko, "bihotza beteta eta egindakoaz harro" itxi du ibilbidea Tta-kunek.

Futbola utzi berria zuen lagun talde batek sortu zuen Tta-kun areto futbol taldea 2019an. Hastapenean, "kuadrilla barruko taldea" izan zen hura, eta gerora beste kide batzuk batu ziren, azkenean, lagun talde hartako hiruzpalau jokalari bakarrik geratu arte. Haiek sentitu dute "nahikoa" egin dutela, jakitun, gainera, halako talde bat aurrera eramateak kudeaketa lan handia eskatzen duela. "Taldeko beste jokalariei galdetu genien datorren denboraldirako zer asmo zuten, eta gehienek adierazi zuten taldea uzteko nahia", esan du Ander Etxeberriak, Tta-kun areto futbol taldeko kideetako batek.

Sasoia amaituta, Gipuzkoako Lehen Mailan itxi du zikloa taldeak, azken urteetan urratsez urrats gora egin ostean. "Gure helburua izan da taldean elkarrekin jokatuz ondo pasatzea, ahalik eta partida gehien irabazteko nahiz mailaz igotzen joateko asmo argirik gabe. Aurreneko urtean, COVID-19a zela eta, laburragoa izan zen denboraldia, eta Gipuzkoako bigarren mailara igo ginen. Maila horretako gure bigarren denboraldian, liga irabazi genuen, Gipuzkoako Kopatik kanpo geratu ginen arren. Udaletxera ere igo ginen urte hartan, eta guretzat hori izugarria izan zen. Urtez urte ikusi dugu maila pixka bat bagenuela, Gipuzkoako lehenengo mailatik igotzeko aukera ere izan baitugu; gustura gaude egindako lanarekin".

Bestalde, areto futbola herritarren aurrean bistaratzea ere izan da taldearen helburua, kirol horrek ere presentzia izan dezan herrian. Eta lortu dute: hasieratik bereganatu zuen Tta-kunek herritarren arreta eta harmailak goraino bete izan ditu etxeko partidetan, baina azken boladan zaleen indarra apaldu egin dela sumatu dute. Horrez gain, jokalariak 30 urteren bueltara iristen ari direla ere gaineratu du Etxeberriak, adierazi nahian lesioak "gero eta handiagoak" direla. Horrenbestez, gozatu beharrekoa gozatu dutela berretsi du Tta-kuneko kideak.

Azken Beltzen Eguna?

"Poza" da Tta-kun areto futbol taldeko kideek sentitzen dutena, batetik, kirol horren inguruan herrian "mugimendua" sortu dutelako, eta bestetik, zaleei gozarazi dietelako. Horren erakusgarri da azken bost urteetan ospatu izan duten Beltzen Eguna, zeinetan kirolak eta festak bat egiten duten.

Datorren larunbatean ospatuko dute taldeak berak antolatzen duen egun hori, eta antolatzaileek jakin badakite "harrera beroa" izan ohi duela egitasmoak. Aurten, gainera, inoizko parte hartzerik handiena ari da izaten egunaren harira antolatzen duten Beltzen Torneoa: 40 talde mistok izena emanda, 360 lagun ari dira parte hartzen. "Izugarrizko kopurua da hori halako herri batentzat. Gainera, taldeak mistoak izateak bestelako bizipoz bat ematen dio herriari, eta herri bazkarira joateko beharrezkoa denez txapelketan parte hartzea, batzuentzat aitzakia ederra da han izena ematea". Elkarguneko kiroldegiko kantxa ez ezik, harmailak ere goraino bete dira torneoko partidetan, eta horrekin ere "zeharo harrituta" daude antolatzaileak.

Aurten bai, ospatuko dute Beltzen Eguna, baina taldea deseginda, airean da zer gertatuko den areto futbolari eskainitako egunarekin. Izan ere, Etxeberriak adierazi duenez, antolatzaileek egitasmoarekin jarraitu ala ez "zalantza asko" dituzte: "Jendea ari zaigu esaten Beltzen Eguna antolatzen jarraitzeko, baina ez dakit logikarik ba al duen, talderik ez egonda, egun horrek segitzeak". Bien bitartean, festa izango da nagusi larunbatean kaleetan, zaleekin batera eta ohiko egitarauarekin:

  • 10:00. Umeentzako jolasak, Elkargunean.
  • 10:30. Afizioaren finala, Elkargunean.
  • 11:15. Beltzen Torneoko finala, Elkargunean.
  • 12:30. Joselontxos txarangaren kalejira, Tta-kun tabernaren aurrean hasita.
  • 14:30. Bazkaria, Oteiza frontoietan.
  • 16:30. Bazkarikoak jasotzea: mahaiak, eserlekuak, zaborra...
  • 17:00. Sari banaketa, Oteiza frontoietan.
  • 17:30. DJ Uxin b2b Cabatronik, Oteiza frontoietan.
  • 19:00. Sakatu elektrotxaranga, Oteiza frontoietan hasi eta kalean behera.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide