Azkoitiko Udalak gobernuz kanpoko erakundeei (GKE) zuzendutako diru laguntzak eskatzeko epea zabaldu du. Gaurtik irailaren 30era arteko epea izango dute GKE-ek dirulaguntzak eskatzeko. Udalak azaldu duenez, 60.000 euro bideratuko ditu garapen bidean dauden herrialdeetako bizilagunen baldintza sozialak, ekonomikoak eta kulturalak hobetzeko helburua duten programak finantzatzera.
Laguntza horiek legez eratuta dauden eta irabazi asmorik ez duten gobernuz kanpoko erakundeek eska dezakete, beti ere, Hego Euskal Herrian erroldatuta baldin badaude, eta egoitza soziala, ordezkaritza bat edo administrazio egitura iraunkor bat Azkoitian edo Urola Kosta eskualdean baldin badute.
Azkoitiko Udaleko webgunek tramiteak atalean online egin behar da eskaera. Diru laguntza horiei buruzko informazioa, berriz, webgune bereko dirulaguntzak atalean dago eskuragarri.