Gaur, Iñaki Beitiaren heriotzaren 30. urteurrena da. Beitia mendi bizikletan zebilela hil zen, 1996ko uztailaren 15ean, horrenbeste maite zuen Oleta mendian. Euskaltzalea, abertzalea eta lagunartean ibili zalea, arrastoa utzi zuen ezagutu zutenen artean. Hala, hainbat omenaldi jaso zituen eta bere lagunek mendi martxa antolatzen dute 1997tik. Gainera, duela urte batzuk txartel ontzi bat jarri zuten Oñamendiko tontorrean, Oletako lepotik gertu.
Beitia 1961eko abuztuaren 4an jaio zen Aizpurutxon. Gaztetatik izan zuen lotura Urretxu-Zumarragarekin eta hemen egin zuen kuadrilla. Irakasle-ikasketak egin zituen eta irakasle zen Urretxu-Zumarraga ikastolan. Kirola atsegin zuenez, ikastolako makina bat ikasleri kirol guztiekiko maitasuna transmititu zien Eskola Kiroleko arduradun zela. Kirolekiko zaletasun hori mendian islatzen zuen bereiziki. Mendizale porrokatua, Ostadar mendi taldeko bazkide sortzaileetako bat izan zen.
Euskararen eta euskal kulturaren alde lan asko egin zuen: Korrika, Kilometroak, Herri Urrats, Urretxuko Euskal Jai eguna, bertso eskola… Euskal Herria maite zuen, eta bere askatasuna zuen helburu. Konpromiso horrek bultzatuta, 1995eko udal hauteskundetan Herri Batasunaren Urretxuko zerrendan aurkeztu eta zinegotzi bezala hautatua izan zen. Euskara batzordeko arduraduna zen hil zenean.