EAJk eta EH Bilduk bat egin dute foruen abolizioaren eta Alkateen Mugimenduaren urteurrenen harira

Andoni Elduaien 2026ko uztailaren 14a

Ana Azkoitia eta Asier Altuna, Jose Antonio Agirre lehendakariaren eskulturaren aurrean. (Udala)

Udalak jakinarazi duenez Ana Azkoitia alkateak (EAJ) eta Asier Altuna zinegotziak (EH Bildu) datorren igandean Bergaran (Gipuzkoa) egingo duten ekitaldi politiko-instituzionalean parte hartuko dute. Adierazpen bateratua sinatu dute bi alderdiek, Euskal Herriarentzat "autogobernu eta burujabetza handiagoa" eskatuz.

Datorren igandean, hilak 19, berrehundik gora herritako udal ordezkariak batuko dira Bergaran (Gipuzkoa), foruen abolizioaren 150. urteurrena eta Alkateen Mugimenduaren 50. urteurrena oroitzeko. Bi urtemuga horiek tarteko, Azkoitiko EAJko eta EH Bilduko udal taldeek adierazpen bateratua egin dute, Ana Azkoitia alkatea (EAJ) eta Asier Altuna zinegotzia (EH Bildu) Bergaran egingo den ekitaldi politiko-instituzionalean izango direla jakinaraztearekin bat. 

Bi alderdiek aitortu dute bi efemeride horiek dutela "garrantzi historikoa, politikoa eta instituzionala". 1876an egindako foruen abolizioak Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako foru erregimenaren amaiera ekarri zuen, eta horrekin batera, eskubide historikoen eta burujabetza instituzionalaren galera. Mende bat geroago, 1976an, Bergaran Euskal Herriko hainbat eta hainbat alkate bildu ziren, Francoren heriotzaren ostean zabaldu zen testuinguru politiko berrian Euskal Herriaren nortasuna, udal tradizio demokratikoa eta autogobernuaren aldeko borondatea berresteko.

Azkoitiko EAJk eta EH Bilduk sinatu duten adierazpenak jasotzen du 1976an alkateek Bergaran egin zuten adierazpen hartan jasotako izpirituak "gaurkotasun osoa" duela oraindik ere: "Udalerriek Euskal Herriaren historian izan duten eginkizun politikoa eta instituzionala funtsezkoa izan da, eta gaur egun ere udal erakundeek herritarren borondate demokratikoaren adierazpide hurbilena izaten jarraitzen dute".

Orduan bezala, "euskal herritarren ahotsak bere lekua behar duela" eta "hitzaren eta erabakiaren jabe behar dugula izan" aldarrikatu dute alderdi jeltzaleak eta koalizio subiranistak. Hori hala, egungo erronkei aurre egiteko, Euskal Herriarentzat "autogobernu eta burujabetza handiagoa" eskatu dute. "Oroimen historikoaren aitortzak gaur egungo autogobernuaren inguruko eztabaida politiko eta instituzionala elikatu behar du", nabarmendu dute. 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide