Udalaren esku geratuko da Iru-Bide eraikin osoa

Andoni Elduaien 2026ko uztailaren 14a

Jausoro eta Txalonerreka artean dago Iru-Bide etxea. (Andoni Elduaien)

Azken urteetan ordenazioz kanpo egon da Azkoitiko eraikina. Etxebizitza horretako familiaren birkokatze eskubideagatiko 195.000 euroko kalte ordaina ordaintzea adostu dute.

Azkoitiko Udalak 678.000 euroko kreditu aldaketa onartu zuen ekainean egindako udalbatzarrean, eta horietatik 203.000 euro bideratu zituen Iru-Bide etxearen desjabetzera nahiz horrek eragindako beste zenbait gastutara. Ana Azkoitia herriko alkateak udalbatzar horretan jakinarazi zuen Iru-Bide etxeko bizilagunen birkokatze eskubideagatiko 195.000 euro kalte ordaina ordaintzea adostu dutela eta beste 8.000 euro bideratuko dituztela prozesu horren eraginez egin beharreko hainbat gastutara.

Alkateak udalaren bilkura horretan adierazi zuen Jausoro eta Txalonerreka auzoen artean dagoen etxebizitza hori urteetan "ordenamendutik kanpo" egon dela; izan ere, eraikin horrek ekipamendu erabilerarako izaera izan du oraintsu arte udalak jasotako arauetan. Ordea, etxebizitza bat den heinean, erresidentzia erabilerarako izaera eduki beharko zukeen etxeak.

Azkoitiak azaldu zuen "konponbide luzea" behar izan duela kontuak, han bizi den familiak "azken urte askotan egin duen eskaera" baita desjabetzearena. "Irtenbide bat eman nahi zaio kontuari. Familiak birkokatze eskaera bat egin du, eta hala, udalak etxebizitza horren beheko solairuaren jabetza hartuko luke. Badirudi konponbidearen bidean goazela, baina horretarako, diru partidak izan behar ditu udalak", esan zuen. Gainera, alkateak adierazi zuen dagoeneko etxebizitza horren lehen solairua udalarena dela.

Ahalik eta lasterren konponbidera iristea da alkatearen nahia. "Espero dut oraingoan, bihotzez, konponbidera iristea. Gauza bat da alkate bezala zer egin dezakegun esatea, baina denok gara pertsonak, eta irtenbide duina eman nahi diogu kontuari. Uste dut bide horretan goazela", esan zuen hark. EH Bilduko Asier Altuna bozeramaileak ere nabarmendu zuen "oso garrantzitsua" iruditzen zaiola udalak urrats hori egitea. 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide