Udako hilabeteetan hiru egunez baino ez dituzte egingo hileta elizkizunak parrokian

Andoni Elduaien 2026ko uztailaren 13a

Parrokian egindako hileta elizkizun baten irudia. (Andoni Elduaien)

Udako hilabeteetan, astearteetan, ostegunetan eta zapatuetan egingo dituzte bakarrik hileta elizkizunak. Andre Mariaren Zeruratzearen parrokiak azaldu du "gero eta zailagoa" dela herriko apaiza ordezkatuko duena bilatzea.

Andre Mariaren Zeruratzearen parrokiak astean hirutan eskainiko du hileta zerbitzua uda sasoian. Aurrerantzean, astearteetan, ostegunetan eta zapatuetan egingo dituzte soilik herritarren hileta elizkizunak, Andre Mariaren Jasokundeko parrokia elizan. Parrokiak nabarmendu du herriko erretorea falta den egunetan "gero eta zailagoa" egiten zaiela hura ordezkatuko duena bilatzea, eta besteak beste, arrazoi horregatik hartu dute erabakia. 

"Donostiako Elizbarrutiko parrokia ez-gutxitan duela denbora pixka bat hartu da hileten ospakizun modua aldatzeko erabakia: jada ez dira egunero ospatzen, astean bitan edo hirutan baizik. Zalantzarik gabe, neurri horren arrazoietako bat apaiz kopuruaren gutxitzea da. Bestalde, hiletak asteko edozein egunetan ospatzeak, heriotzen arabera, kristau komunitatearen bizitza pastorala eta antolakuntza baldintzatzen du; ezin da ezer ziurtasunez antolatu, hala nola bilerak eta hitzaldiak; izan ere, egun horretan hiletarik egongo den ala ez mende geratzen da", azaldu dute.

Andre Mariaren Jasokundeko parrokiako Pastoral Kontseiluak egoera aztertu du, eta hala, aste honetatik aurrera hiru egunez egingo dituzte soilik hileta elizkizunak. Nolanahi ere, parrokiak nabarmendu du hartu duten erabaki horrek udako hilabeteei eragingo diela oraingoz. "Uda igarotakoan eta izandako esperientzia kontuan hartuta, egoera berriro aztertuko dugu. Badakigu erabaki horiek zailtasun eta eragozpen batzuk ekarriko dituztela, bereziki, familientzat. Zailtasun horiek guztion aldetik borondate onenarekin gaindituko ditugulakoan gaude", esan dute. Horren bueltan, parrokiak azaldu du hileta elizkizunik ez den egunetan apaiz edo sekularren bat hilerrira joango litzatekeela errezoa ematera, familiak hala nahi izanez gero.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide