Auzolanerako eguna izan dute gaur Munoaundi mendixkako aztarnategian, Burdin Aroko herri harresituan indusketak hasteko atarian. Auzolanera batu diren lau lagunek Aranzadi zientzia elkartearen gidaritzapean jardun dute goizean goizetik lanean, eta guztien artean prest utzi dituzte hango azpiegiturak astelehenerako, orduan hasiko baita aztarnategia induskatzeko hogeita batgarren aldia.
Gaur auzolanean aritu direnak 08:00etan Abaraxka aterpetxean elkartuta joan dira Munoaundira, eta eguneko lehen eguzki printzekin batera aritu dira horiek aztarnategia estaltzen duen olana irekitzen. Lanak amaituta, hamaiketako batekin berreskuratu dituzte indarrak, eta ondoren, duela 2.400 urteko herrixka gotortua hobeto ezagutzeko bisita gidatua egin dute hantxe bertan.
Astelehenean hasiko dtuzte indusketak Munoaundin, eta hilaren 18ra arte ariko dira han lanean, Izaro Quevedo arkeologoaren zuzendaritzapean. Hamar bat laguneko lantaldea arituko da horretan, eta aurten, aurrenekoz, arkeologo profesionalak ere arituko dira induskatzen, boluntarioekin batera.