Azkoitian eta Azpeitian "ateak eta bihotzak" ireki dizkieten haur sahararrek ongietorri beroa jaso dute

Ane Olaizola 2026ko uztailaren 11

Oporrak Bakean egitasmoari esker bi herrietan uda igarotzen ari diren hamabost haur sahararrei harrera egin zieten atzo Azkoitian, eta ondoren, uretako puzgarriekin gozatzeko aukera izan zuten han elkartutakoek. 

Oporrak Bakean egitasmoaren bidez Azkoitian eta Azpeitian uda igarotzen ari diren hamabost haur sahararrei harrera egin zieten atzo Azkoitian. Balda plazan elkartu ziren haur horiek zein haien harrera familiak, Azkoitian bizi diren hainbat saharar eta erakundeetako ordezkariak, hala nola Leire Lizarralde Darahli elkarteko kidea, Sonia Vazquez Azkoitiko Udaleko Gizarte Zerbitzuetako zinegotzia, Leire Goenaga Azpeitiko Gizarte Zerbitzuetako batzordeburua, Ana Priede Nazioarteko Lankidetzako foru zuzendaria eta Mujtar Leboihi Emboiric Fronte Polisarioaren Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako ordezkaria.

Saharako errefuxiatuen kanpamentuetako hamabost haur ari dira uda igarotzen Azkoitian eta Azpeitian aurten; Azkoitian, bi ume daude beren harrera familiekin, eta Azpeitian beste hamahiru saharar ari dira uda igarotzen, harrera familietan zein Ikasberri ikastolan aurrenekoz egiten ari diren Bakeleku udalekuan. Horiei guztiei egin zieten ongietorria atzoko ekitaldian, udaz gozatzeko deia egitearekin batera. Ordezkariek esker mezuak zabaldu zituzten, bereziki aurtengo udan beren "ateak eta bihotzak" zabaldu dituzten harrera familiei.

Marokok Mendebaldeko Sahara okupatu zuenetik mende erdia baino gehiago igaro den honetan, saharar herriaren borrokak "bizirik" jarraitzen duela azpimarratu zuten atzoko ekitaldian, herrialde horretako gatazkak "konpondu gabe" jarraitzen duelako. Horretarako, "elkartasuna eta konpromisoa" aldarrikatu zuten ordezkariek. 

Ongietorria jaso ondoren eta bero sargoriari aurre egiteko, uretako puzgarrietan jolasten igaro zuten arratsaldea han elkartutako dozenaka haurrek, eta mokadu batekin amaitu zuten juntadizoa.  

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide