Gipuzkoako 75 adin txikikoren beharrei erantzuteko, harrera familien sarea zabaldu nahi du aldundiak

Ane Olaizola 2026ko uztailaren 10a

"Familia ingurune egokia" behar duten tutoretzapeko 75 haur eta nerabe daude Gipuzkoan, eta horietako hainbatekin programa pilotu bat garatuko du erakundeak, tutoretzapeko adin txikiko horiek "egonkortasun handiagoa" izan dezaten. Aurrenekoz, Jaurlaritzaren ditu laguntzak jasoko dituzte harrera familiek. 

Gipuzkoako harrera familien sarea indartzeko neurriak aurkeztu ditu gaur aldundiak, "familia ingurune egokia" behar duten tutoretzapeko 75 haur eta neraberen premiei erantzuteko. Maite Peña Zainketa eta Gizarte Politiketako diputatuak, Nekane Zabaleta Haurren eta Nerabeen Babeseko Zerbitzuburuak eta harrera-familia bateko kide batek eman dituzte programaren xehetasunak, eta hainbat berrikuntza ere jakinarazi dituzte. 

Aurten, Gipuzkoako Foru Aldundiak Helburu Bikoitzeko Aldi Bereko Proiektuan parte hartuko du, tutoretzapeko adin txikiko umeei eskaintzen zaien arreta hobetzen jarraitzeko asmoz. Espainiako Estatuko beste hainbat administrazio publikorekin elkarlanean garatzen da proiektu hori, eta 0 eta 6 urte bitarteko haurrei zuzenduta dago. "Ereduaren berrikuntza nagusia da bi helburu aldi berean lantzea: alde batetik, familia biologikoari laguntza ematea, balizko familia-berrelkartzea ahalbidetzeko; eta, bestetik, hasieratik bertatik familia alternatiba egonkor bat eskaintzea, itzulera hori bideragarria ez bada, denboran sendotu ahal izango dena".

Proiektuaren helburua da haurra babesteko prozesuetan gertatu ohi diren ingurune aldaketak eta ziurgabetasun egoerak murriztea, bizitzako lehen urteetatik, haurrei "egonkortasun handiagoa" eskainiz. Aldundiaren arabera, proiektuan parte hartuko duten haurrek, haien familia biologikoek zein harrera familiek laguntza profesionala izango dute prozesu osoan zehar, eta Gipuzkoan, gehienez, halako hamabi kasu pilotu garatzea aurreikusten du erakundeak. 

Bestalde, harrera familiek Eusko Jaurlaritzaren laguntzak jasoko dituzte aurrenekoz. Haur bakoitzeko 200 euroko laguntza jasoko dute hilean, eta guraso bakarreko familiek zein hiru seme-alaba edo gehiago dituzten familiek hilean 100 euroko laguntza jaso ahal izango dute beste hiru urtez, adingabea adin nagusitasunera iritsi aurretik beti ere. Neurria dagoeneko indarrean dago, eta aurtengo urtarrilaren 1era arteko atzeraeragina du. 

Bi familia mota

Gipuzkoan bi harrera familia mota daudela adierazi du erakundeak: batetik, familia boluntarioek modu altruistan hartzen dute adingabeen zaintza eta laguntza beren gain, adingabeak familiaren eguneroko bizitzan txertatuz eta behar duten denboran beharrezko babesa eskainiz. Bestetik, familia espezializatuak daude, prestakuntza, esperientzia edo kualifikazio zehatza dutenak "bereziki konplexuak" diren egoerei erantzuteko.

Era berean, aldundiak gaineratu du familia harrera behar duten adin txikiko pertsonen egoerak askotarikoak direla, eta horien errealitate pertsonala zein familiarra ere halakoa izan ohi dela; besteak beste, jaioberriak daude, baita adin guztietako haurrak zein nerabeak ere. Horrez gain, batzuk bakarka geratzen dira aldundiaren tutoretzapean, eta beste zenbait anai-arrebekin batera. "Errealitate horrek familia sare zabal eta askotarikoa eskatzen du, premia eta egoera bakoitzari egokitzeko gaitasuna izango duena".

Familia harrerari buruzko informazio gehiago jaso nahi dutenek Gipuzkoako Foru Aldundiko Haur eta Nerabeen Babes Zerbitzura jo dezakete, 943-11 25 22 telefono zenbakira deituta edo familiaharrera@gipuzkoa.eus helbide elektronikora idatzita.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide