Inaziotar Bideko Udalen Elkarteak eta Jesusen Lagundiak lankidetza hitzarmena sinatu zuten atzo Zaragozan (Espainia), Loiola eta Manresa (Katalunia) arteko ibilbidea garatzen jarrai dezaten eta haren sustapen turistikoa indartzeko zein erakundeen arteko elkarlana sendotzeko helburuarekin.
Inaziotar Bideko Udalen Elkartea osatzen duten udal ordezkarien artean izan zen Ana Azkoitia Azkoitiko alkatea ere. "Egitasmoa dimentsio esanguratsua hartzeko gai den eta guztion artean optimizatu behar den proiektu turistikoa da; batzen gaituenon indarraren, borondatearen eta energiaren emaitza da", azaldu du Azkoitiko alkateak.
Hitzarmenak elkartearen eta jesuiten arteko aliantza estrategikoa formalizatzea dakar, eta harremanak estutzeko, akordioak bilatzeko eta proiektu turistikoa estrategia partekatu batekin batera sustatzeko oinarriak jartzen ditu. Horrez gain, Inaziotar Bidea barne helmuga turistiko gisa kokatzeko elkarrekin lan egitea ahalbidetuko du akordioak, ondare historiko, gastronomiko eta natural ugarirekin. Hain zuzen, Iraurgi Berritzen Urolako garapen agentziak helburu horrekin berarekin aurkeztu du aurten Inaziotar Bidea Fitur nazioarteko turismo azokan.
1522an Loiolako Inaziok bere jaioterritik Manresara egindako bidea gogoratuz, Loiola eta Bartzelonako udalerri hori lotzen dituen 656 kilometroko ibilbidea da Inaziotar Bidea. 92 udalerritatik igarotzen da, eta Euskadi, Errioxa, Nafarroa, aragoi eta Katalunia lotzen dituen hogei bat etapetan dago egituratuta.