Darahli elkartearen eskutik eta Oporrak Bakean proiektuari esker Azkoitian eta Azpeitian uda igarotzen ari diren haur sahararrei ongietorria egingo diete bihar arratsaldean, Balda plazan. 17:00etan izango da ekitaldia, eta haur sahararrek ez ezik, honako hauek parte hartuko dute: Azkoitiko eta Azpeitiko udal ordezkariek; Kultura, Lankidetza, Gazteria eta Kirol Departamentuko diputatu Goizane Alvarezek; Nazioarteko Lankidetzako foru zuzendari Ana Priedek; eta Fronte Polisarioaren Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako ordezkari nagusia den Mujtar Leboihi Emboiric-ek.
Joan zen astetik, Saharako errefuxiatuen kanpamentuetako 15 haur ari dira uda igarotzen Azkoitian eta Azpeitian; Azkoitian, bi ume daude beren harrera familiekin, eta Azpeitian beste hamahiru saharar ari dira uda igarotzen, harrera familietan zein Ikasberri ikastolan aurrenekoz egiten ari diren Bakeleku udalekuan.
Sonia Vazquez Azkoitiko Udaleko Gizarte Zerbitzuetako zinegotziaren arabera, Tindufeko kanpalekuetatik etorri diren umeen presentziak laguntzen du hango herria gogoan izateko. "Eta gogora ekartzen digu, badela herri bat, basamortuan, duintasunean eta erresistentzian bizi dena, munduak beste alde batera begiratzen duen bitartean. Errefuxiatuen kanpamenduek injustiziarik handienaren argazkia ematen digute. Udako egonaldi honek balio diezaietela bizi duten egoera jasangaitza apur bat arintzeko, indarrak hartzeko, eta oroitzapen onak eramateko bueltan”, esan du hark.
Saharar errefuxiatuei ongietorria egiteaz gain, uretako puzgarriak jarriko dituzte Balda plazan bertan, eta mokadua ere eskainiko dute gero, haurrek "erruz" goza dezaten arratsaldea.