Urrategiko Amaren Eguna ospatuko dute datorren igandean Urrategi auzoan, eta ohiko moduan, elizkizunak, trikiti, bertso zein herri kirol saioak eta umeentzako saioak izango dira goizetik iluntzera bitartean egun horretan. Ordea, Urrategiko Egunaren atariko, beste bi ekintza ere prestatu ditu hango jai batzordeak: bihar, ostiralez, mus txapelketa azkarra egingo dute elkartean, eta hurrengo egunean, auzotarren bazkaria izango da.
Bihar, 22:00etan hasiko da mus txapelketa, eta parte hartzaileek lau usteletara jokatuko dituzte partidak. Sariei dagokienez, irabazleek txapelak eta 350 euro jasoko dituzte; txapeldunordeek, 150 euro; hirugarren postuan geratzen direnek, Isidro erretegian bi lagunentzako afaria; eta laugarren egiten dutenek, bi txuleta eta bi txanpan botila.
Etzi izango da Urrategiko jai egun nagusia, eta han bertaratzen direnek goizetik iluntzera bitartean gozatu ahal izango dute festez. Urtero bezala, 11:00etan meza nagusia egingo dute elizaren ondoan, eta ondoren, trikitilarien eta bertsolarien txanda izango da. Arratsaldean, berriz, umeentzako jolasak, puzgarria, tailerrak eta magia ikuskizuna izango dira, eta Haritz Aranguren Norde eta Lierni Osa harri jasotzaileen eta Julen Alberdi Txikia IV.-a eta Iker Vicente aizkolarien erakustaldiaren ondotik, erromeriarekin borobilduko dute eguna.
Autobus zerbitzua
Bestalde, Azkoitiko Udalak igandean Urrategira joan-etorria egiteko autobus zerbitzua antolatu du, eta garraiobide hori bueltaka ibiliko da 08:30etik 14:30era arte. Herrigunean, Julio Urkixo geralekutik aterako da autobusa auzora, eta doan izango da.
Hemen festen egitaraua:
- Uztailak 10, ostirala:
- 22:00: Mus txapelketa azkarra.
- Uztailak 11, larunbata:
- Eguerdian, auzotarren bazkaria.
- Uztailak 12, igandea:
- 09:00: meza.
- 11:00: meza nagusia.
- 12:30: Joanes eta Xabat Illarregi bertsolarien saioa.
- Ondoren, Zabale, Aintzane Agirrebeña eta Lutxurdio trikitilariak.
- 16:00: ume jolasak, puzgarriak eta tailerrak.
- 17:00: Maria Arandiaren magia ikuskizuna.
- 18:00: herri kirol saioa: Haritz Aranguren Norde eta Lierni Osa harri jasotzaileak eta Julen Alberdi Txikia IV.-a eta Iker Vicente aizkolariak.
- Ondoren, Zabale, Aintzane Agirrebeña eta Lutxurdio trikitilariekin erromeria.