Eman daiteke izena VIII. Mangaixue mendi bizikleta martxarako

Andoni Elduaien 2026ko uztailaren 8a

Parte hartzaile batzuk, iaz, mendian behera. (Ane Olaizola)

Irailaren 19an jokatuko dute mendi bizikleta martxa. Ohi bezala, Plazaberritik abiatuko dira parte hartzaileak, baina horiek ibilbide luzea edo motza egitea hautatu beharko dute. Irailera arte, Interneten eman ahalko da soilik izena, eta ordutik aurrera, Uhaitz kafetegian.

Mangaixue mendi bizikleta martxarako izen ematea zabaldu du proba horren antolakuntza taldeak. Irailaren 19an, larunbatez, egingo dute bizikleta gaineko ibilaldia Plazaberritik 15:15ean abiatuta, eta ohi bezala, parte hartzaileek bi ibilbideren artean egin beharko dute hautua: luzea –33 kilometro eta 1.500 metroko desnibel positiboa– edo motza –25 kilometro eta 1.100 metroko desnibel positiboa–.

Mendi martxan parte hartu nahi dutenek Rock The Sport atarian eman beharko dute izena. Dena den, probarako inskripzioa aurrez aurre egiteko aukera ere zabalduko dute antolatzaileek. Hain justu, irailaren 1etik 15era bitartean eman ahal izango da izena modu horretan, Ibaiondo kalean dagoen Uhaitz kafetegian. Aurten, 25 euro ordaindu beharko da proban parte hartzeko.

18 urtetik gorako herritarrek nahiz adin hori ez dutenek parte hartu ahal izango dute aurten. Dena den, adingabeek heldu baten baimena izan beharko dute mendi martxa egiteko; azken horiek, gainera, baimen orria sinatuta aurkeztu beharko dute probaren egunean. Ohiko mendi bizikletaz gain, partaideek eBike motako bizikletekin ere osatu ahal izango dute martxa.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide