Argazkilaritzaren erraietan

Ane Olaizola 2026ko uztailaren 7a

Nagore Legarreta argazkilaria. (Nagore Legarreta)

Nagore Legarretak argazkilaritza estenopeikoari buruzko ikastaro bana eskainiko du Azkoitian eta Zestoan, eta hutsetik hasita irakatsiko ditu argazkilaritzaren barrunbeak.

Berehalakotasunak eta bat-batekotasunak irudiaren mundua ere bereganatu duten garaiotan, argazkilaritzaren oinarrietara jauzi egiteko aukera izango dute datorren asteburuan Azkoitian eta Zestoan, Nagore Legarreta argazkilariaren eskutik. Izan ere, argazkilaritza estenopeikoari buruzko ikastaro bana eskainiko du Legarretak. Saioetan parte hartzen dutenek argazkilaritzaren barrunbe magikoetan murgiltzeko aukera izango dute, teknika horrek berak sortzen duen erritmo pausatuan.

Zestoan, larunbatean izango da tailerra, Portale kultur elkartearen ekimenez, 09:30etik 14:00etara; han parte hartu nahi dutenek izena eman dezakete Portalen bertan, 10 eurotan –leku mugatua du ikastaroak–. Azkoitian, berriz, Matadeixen izango da tailerra igande goizean, gunearen 30. urteurrenaren egitarauaren barruan; harako ere izena eman daiteke, mataderoekintzak@gmail.com helbide elektronikora idatzita. Bi ikastaroek gai berbera izango dute oinarrian, baina Legarretak azaldu duenez, bakoitzak bere berezitasuna izango du: "Zestoan, ibaiaren inguruko lanketa egingo dugu; maite ditugun ibai txokoak esploratzeko aitzakia ere izango da hangoa. Matadeixen, berriz, gehiago sakonduko dugu kameraren esperimentazioan. Era berean, saioa egokia izan daiteke Matadeixen bertan argazkiak ateratzeko, eta hala, espazio horren iruditeria jasotzeko".

Bi ikastaroen abiapuntua izango da argazki kamera estenopeiko bat hutsetik sortzea, metalezko edozein ontzi erabilita –Zestoan, antolatzaileek jarriko dituzte ontziak–. Behin kamerak sortuta, irudiak betiereko bihurtu arteko prozesu osoa garatuko dute. Argazkilariak zehaztu duenez, une oro irudiarekin eta argiarekin lanean arituko dira, prozesuan bete-betean sartuz: "Normalean, kamerak eginda hartzen ditugu, eta telefonoari klik bat eginda ateratzen ditugu argazkiak, zer gertatzen ari den asko ulertu gabe. Ikastaroan, ordea, norberak sentitzen du askoz ere eragin handiagoa duela emaitzan, eta hori motibagarria izan ohi da. Gainera, kamerak nola funtzionatzen duen ikasten denean, eta haren diseinuarekin jolasten hasitakoan, esperimentatzeko bide oso zabalak irekitzen dira". Argazki papera erabiliko dute argazkiak egiteko, eta horrek ahalbidetuko du, inprobisatutako gela ilun bat erabiliz, irudiak negatiboan errebelatzea eta digitalki positibora eramatea. "Saioan, informazioa eta tresnak utziko ditut jendearen eskura, haiek, etorkizunean, autonomia izan dezaten saltsan ibiltzeko", azaldu du Legarretak.

Ingurua, "exotiko"

Ohiko argazki kamerak ez bezala, kamera estenopeikoak lenterik gabekoak izan ohi dira, eta beraz, ez dute bitartekorik kamera barrura sartzen den argi izpia bideratzen laguntzeko. "Zulo baten bidez, argiak zuzenean eragiten du hura jasotzen duen materialaren gainean; kasu honetan, paperaren gainean".

Legarreta "asko" erakartzen duen estetika izan ohi dute argazki estenopeikoek, "egunerokoa eraldatzeko aukera" ematen dutelako. Haren arabera, itxura "misteriotsua, zehaztugabea eta atenporala" eskaintzen dute argazki horiek, "mundu fantastikora" gerturatzen dena. "Bat-batean, zure inguru guztia exotikoa bihurtzen da, kameratik pasatzerakoan eraldatu egiten baita". Ezustekorik gabeko magiarik ez dagoenez, argazkilaritza estenopeikoan ere ezin da aurrez jakin paperean zer irudi aterako den; Legarretarentzat, "jolas interesgarria" eragiten du horrek ere.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide