Zirko Txosko konpainiak Tavole ikuskizuna eskaini zuen atzo, zapatua, Balda plazan. Zirkua eta umorea uztartuta, konpainiakoek gaur egungo munduaz duten ikuspuntua plazaratu zuten. Haur, guraso eta heldu ugari elkartu zen Baldan, haien ikuskizuna bertatik bertara jarraitzeko. Errealitatez eta fantasiaz beteriko egoerak bizitzea egokitu zitzaien bi laguni, eta bizipen horietatik ondorio garbi bat atera zuten: gizartean dauden arazoei aurre egiteko bide bakarra da elkarbizitza, errespetua eta elkarlana izatea.
Datorren zapatuan ere beste kale antzerki batez gozatzeko aukera izango dute herritarrek. Orduan, Zirkozaurre konpainiaren txanda izango da; Ardatzak ikuskizuna taularatuko dute haiek. Emanaldi horretan ere zirkua izango dute ardatz protagonistek, baina kasu horretan, diaboloen bidez eskainiko dute ikuskizuna.
