Euskal Herria Koparen finalerdia jokatuko dute Realak eta Eibarrek, Txerloian

Andoni Elduaien 2026ko uztailaren 5a

Realeko eta Alaveseko jokalariak, 2022an Txerloian jokatutako finalean. (Alaves)

Txuri-urdinek eta armaginek abuztuaren 16an, larunbatez, jokatuko dute finalerdia Azkoitian. 19:00etan hasiko da partida, eta finalerako sailkapena izango dute jokoan.

Emakumeen XVI. Euskal Herria Kopako finalerdiak jokatuko dituzte abuztuaren 16an, igandez, Azkoitiko Txerloia futbol zelaian. 19:00etan hasita, Realaren eta Eibarren lehen taldeek neurtuko dituzte indarrak nor baino nor gehiago. Gipuzkoako taldeen arteko derbia jokatuko dute hala Azkoitian, eta finalerako sailkapena izango dute jokoan. Alavesek eta Athleticek jokatuko dute beste finalerdia, Amurrioko (Araba) Basarte futbol zelaian. 

Andre Maria jaien barruan jokatuko dute Euskal Herria Kirola elkarteak antolatutako txapelketaren barruko partida hori. Ordea, aurtengoa ez da Txerloiak Euskal Herria Kopa txapelketako partida hartuko duen lehen aldia izango; izan ere, 2022an Realak eta Alavesek jokatu zuten finala Azkoitian, eta orduko hartan, txuri-urdinek 4-1 irabazi zieten babazorroei

Gaur-gaurkoz, Athleticek bederatzi Euskal Herria Kopa ditu, Realak lau, eta Eibarrek bat. Hain justu, iaz irabazi zuten armaginek beren lehen garaikurra.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide