Xabat Manzisidor, Jone Zabaleta, Iker Eskibel eta Haizea Ribera txapeldun, Martirietako Igoeran

Andoni Elduaien 2026ko uztailaren 4a

Antxintxika, Manzisidorrek eta Zabaletak lortu dute proba irabaztea, eta bizikletan, Eskibelek eta Riberak. Probak irabazteaz gain, Zabaletak, Eskibelek eta Riberak orain arte ezarrita zeuden markak hobetu dituzte. Bi probak aintzat hartuta, guztira, 120 lagunek parte hartu dute gaur. Lasterketak ikusteko ere jende ugari bildu da bai kalean, bai Martirietan.

Jokin Ormaetxearen omenezko Martirietako Igoera jokatu dute gaur, zapatua, Azkoitian. Proba horren 18. aldia egin dute gaur, bigarrena korrikako eta bizikletako probak uztartzen dituztenetik, eta iaz bezala, aurten ere ez da emozio faltarik izan Martirieta auzoko plazan jarritako helmugan. Maila handia izan da bi probetan, eta azkenean, Xabat Manzisidor nahiz Jone Zabaleta korrikalariak, eta Iker Eskibel zein Haizea Ribera txirrindulariak izan dira txapeldunak. 

Bai korrika, bai bizikletan, parte hartzaileek 3,7 kilometroko eta 302 metroko desnibel positibodun ibilbideari egin behar izan diote aurre. Herriko plazatik atera dira parte hartzaile guztiak, eta herrian zehar itzuli bat eman ondoren, Malkorbide kalean jarritako irteera puntuan hasi dituzte lehiak. Batez beste, %8,4ko maldari egin behar izan diote aurre korrikalariek eta txirrindulariek. 

Antxintxikako proba jokatu du aurrena, eta parte hartu duten 50 lasterkarien artean Manzisidor azpeitiarra eta Zabaleta azkoitiarra izan dira azkarrenak. Gizonetan, Manzisidorrek 00.16.28 denbora eginda lortu du txapela janztea – Aitor Mimenzak iaz ezarri zuen probako errekorra 00.15.49 denboran–. Haren atzetik Oier Etxeberria azpeitiarra (00.16.53) eta Asier Ostolaza Montte azkoitiarra (00.17.23) sailkatu dira. Emakumeetan, berriz, Zabaletak probako errekor berria ezarri du, kronoa 00.18.28 denboran geldituta; Adirane Peñagarikano iazko irabazlearen 00.20.03 denbora minutu eta erdian hobetu du Zabaletak. Zabaletarengandik hiru segundora bigarren postuan sartu da Maider Unanue (00.18.31) eta Adirane Peñagarikano bera hirugarren (00.18.50). 

Bizikletako proban, bestalde, 70 txirrindularik parte hartu dute. Azkar, oso azkar egin dute behetik gorako bidea irabazleek. Gizonetan, Oier Ibarguren azpeitiarrak 2024ko errekora hobetu dute helmugako lerroa azkarren zeharkatu duten lehen bi txirrindulariek. Iker Eskibel eskoriatzarra 00.10.49 denboran igo da Martirietara. Hain justu, Oier Ibargurenen eta Eskibelen artean izan da lehen postua eskuratzeko borroka. Txibilter eta Zendoia baserrien arteko zuzengunera elkarrekin iritsi dira biak, baina bidearen erdian Ibargurenek erasoa jo dio Eskibeli. Eskoriatzarrak, ordea, ondo eutsi dio azpeitiarrari, eta ondorengo metroetan atzean utzi du hura. Hala, 22 segundoan hobetu du Eskibelek Ibargurenen 2024ko errekorra. Ibargurenek berak ere hobetu du bere errekorreko denbora, Eskibelengandik zortzi segundora sartu da-eta helmugan bigarren (00.10.57). Sailkapenean hirugarrena, berriz, Denis Carbayeda gazte azkoitiarra izan da (00.11.58).

Emakumeetan, bestalde, Riberak aise lortu du garaipena, eta gainera, iaz berak ezarritako marka hobetu du. 2025ean, azkoitiarrak 00.15.45 denboran amaitu zuen proba, eta gaur, 00.14.58 denboran ondu du lana; iaz baino 47 segundo azkarrago amaitu du aurten lasterketa Riberak. Amaia Agirre sailkatu da bigarren, 00.16.22 denbora eginda, eta Intza Lizarazu azkoitiarra hirugarren, ibilbidea 00.17.26 denboran osatuta.

Honako lotura honetan ikus daitezke bi probetako sailkapenak. 

Sari ugari

Jokin Ormaetxea txirrindulari taldekoek aurten saiakera berezia egin dute sariak banatzerakoan. Hori hala, diru-sari gehiago banatu dituzte gaur. Bi probetako irabazleek txapela, garaikurra eta 100 euro jaso dituzte; bigarren sailkatuek garaikurra eta 50 euro; eta hirugarrenek, garaikurra eta 25 euro. Horrez gain, aurrez ezarrita zeuden errekorrak hobetu dituzten kirolariek 75 euroko saria jaso dute. Gainera, probaren lehen kilometroa lehen postuan igaro dutenentzako saria ere banatu dute antolatzaileek; korrika, Alex Sudupe azkoitiarrak lortu du sari hori, eta bizikletan, Denis Carbayedak. 

Dohaintza gazteentzat

Proba amaitu eta saritutako kideak podiumera igo direnean, Oier Ibargurenek mikroa hartu du. Hark azaldu du bere asmoa zela proba errekor berria lortuta irabaztea. Helburuetako bat lortu du bakarrik hark, errekorra haustearena, baina Eskibel helmugan azpeitiarraren aurretik sartu denez, eskoriatzarrak lortu du txapeldunaren sari nagusia.

Dena den, Ibargurenek adierazi du gaur lortu dituen diru-sariak Azkoitiko Peña Elorza txirrindulari taldeari emango dizkiola dohaintzan. Txirrindulari gazteen etorkizuna bermatzeko bere aletxoa jarri nahi izan du hala Ibargurenek. Eskibel irabazleak ere Ibargurenekin bat egin du gero, azpeitiarrak jendaurrean bere asmoak zein diren jakinarazi duenean. 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide