Bertako produktuak modu osasungarrian nola prestatu ikasi dute 'Azokatik mahaira' tailerrean

Ihintza Elustondo 2026ko uztailaren 4a

Azokatik mahaira: sukaldean behin tailerra eskaini dute Anne Otegi sukaldariak zein Aitziber Aizpuru nutrizionistak Kontzejupean. Eguneroko elikadura modu "erraz, osasungarri eta iraunkorrean" antolatzeko tresnak eskaini dizkiete herritarrei. 

Landaola Gipuzkoako landa garapen elkarteen federazioak Gipuzkoako Azoken Sarearen parte den Azkoitiko Udalarekin elkarlanean antolatuta, Azokatik mahaira: sukaldean behin tailerra eskaini dute Anne Otegi sukaldariak zein Aitziber Aizpuru nutrizionistak gaur goizean, Kontzejupean. Sukaldaritzaren eta elikaduraren ikuspegi osagarriak uztartuz, eguneroko elikadura modu "erraz, osasungarri eta iraunkorrean" antolatzeko tresnak eskaini dizkiete herritarrei, 11:00etan hasita egin duten saioan. 

Bi orduko tailerra izan da, eta hain zuzen, horixe da egitasmoaren ardatza; egun bakarrean, bi ordutan, aste osorako janaria prestatzea. Hau da, ikastaroan parte hartu dutenek sukaldean denbora optimizatzen ikasi dute, aldi berean, "dieta orekatu eta osasungarria" bermatuz. Horretarako, bertako eta garaiko produktuak erabili dituzte, "tokian tokiko ekoizleen lanari balioa" emanez eta "kontsumo arduratsua" sustatuz. Parte hartzaileek aholku praktikoak eta errezetak jaso dituzte, eta saioan bertan prestatutako jakiak dastatzeko aukera ere izan dute.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide