Emakumeei zuzendutako prestakuntza ibilbide berri bat jarriko du martxan Iraurgi Berritzenek, Sutargi, Urola Kosta-Urola Erdia Mankomunitatea eta Izarraitz Lanbide Heziketarekin elkarlanean. Irailean abiatuko da proiektua, UE Inklusivity izeneko ekimenaren barruan, eta Eusko Jaurlaritzaren Industria sailaren eta Lanbideren babesarekin garatuko da.
Proiektuaren helburua da eskualdeko industriaren beharrei erantzuten dien prestakuntza espezializatua eskaintzea, emakumeak industria sektoreko lan aukeretara hurbiltzeko eta euren enplegagarritasuna indartzeko. Horretarako, Sutargik garatutako metodologia berritzailea erabiliko da, prestakuntza teorikoa, gaitasun profesionalen garapena eta enpresekin lankidetza uztartuz.
Prestakuntza programaren ardatza Fabrikazio Mekanizatuko Eragiketa Osagarriak izeneko lanbide ziurtagiria izango da. Guztira 400 orduko iraupena izango du, eta Azkoitiko Izarraitz Lanbide Heziketan eskainiko da, 2026ko irailetik abendura bitartean.
Ikastaroan parte hartzen dutenek, prestakuntza teknikoaz gain, ekonomia zirkularrarekin lotutako eduki espezifikoak ere landuko dituzte, hala nola birziklapena, hondakinen kudeaketa eta baliabideen erabilera jasangarria. Horrez gain, programak 40 orduko praktikaldia aurreikusten du eskualdeko industria enpresetan, egiazko lan ingurunean esperientzia eskuratzeko eta enpresek proposatutako erronkei erantzuteko.
Prestakuntza langabezian dauden edo beren lan ibilbidea industria sektorera bideratu nahi duten emakumeei zuzenduta dago. Parte hartu ahal izateko, industria arloan lan egiteko interesa izatea, oinarrizko prestakuntza edukitzea eta arratsaldez aritzeko erabilgarritasuna izatea eskatzen da. Parte hartzaileek, gainera, eguneko beka jasoko dute ikastaroan parte hartzen duten bitartean.
Iraurgi Berritzenek azaldu duenez, UE Inklusivity proiektuarekin industria sektorean emakumeen presentzia handitzen lagundu nahi dute, eskualdeko enpresen talentu beharrei erantzunez eta aukera berdintasuna sustatuz.
Prestakuntzan parte hartu nahi dutenek edo informazio gehiago eskuratu nahi dutenek, 688 87 35 89 telefonora dei dezakete, edota sfernandez@iraurgiberritzen.eus helbidera idatzi.