Hizkuntza Eskolak jakinarazi du Azkoitian datorren ikasturtean zer ikasgai emango dituen: ingelesa, frantsesa, alemana eta euskara. Beraz, azken bi hizkuntza horiek berreskuratuko dituzte Azkoitian, azken bi ikasturteetan ez baitituzte eskaini.
Euskarari dagokionez, C1 maila eskainiko dute, eta erdi-presentziala izango da. Beraz, astean behin joango dira hango ikasleak eskola jasotzera; astearteetan, 18:15etik 20:30era. Frantsesean, bestalde, bi talde sortzea aurreikusten dute: A1 eta A2.
Ingelesari dagokionez, sei talde osatuko dituzte B1 eta C1 mailen artean: B2.2 eta C1 mailetako talde bana erdi-presentzial moduan eskainiko dituzte, eta beraz, hango ikasleek astean eskola bakarra izango dute ikastetxean. Alemana, berriz, A1 maila eskainiko dute, eta eskola horiek ere erdi-presentzialak izango dira; asteazkenetan izango dira eskolak, 18:15etik 20:30era.
Datorren ikasturtean hamar urte beteko ditu Hizkuntza Eskolaren Azkoitiko gela desplazatuak, eta matrikulazioa, berriz, irailean zabalduko dute. Zehazki, irailaren 1etik 6ra artean eman beharko da izena, Ikasgunea plataformaren bidez.