Saharako errefuxiatuen kanpalekuetako hainbat haur gaur iritsi dira Urola Kostara. Guztira, 21 etorriko dira, baina uda Azpeitiko aterpetxean igaroko duten bost iristeko daude oraindik; horiek bihar iritsiko dira. Araba, Bizkai eta Gipuzkoara 92 heldu dira gaur, eta bihar gehiago iritsiko dira; beste 112, zehazki.
Oporrak Bakean haur errefuxiatu sahararren udako harrera programan parte hartzen dute eskualdean Sahararen eta hango herritarren alde lan egiten duten Darahli eta Saharautz elkarteek, eta horien egitekoari esker ailegatu dira errefuxiatuen kanpalekuen eguneroko bizimodu gordinean bizi diren 10 eta 12 urte bitarteko haurrak eskualdera.
Oporrak Bakean programaren helburu nagusia da haur sahararrak udan etxean hartuko dituzten harrera familiak lortzea. Aurten, 11 haur jasoko dituzte eskualdeko familiek, Darahli eta Saharautz elkarteen kooperazio lana tarteko. Darahli elkartearen bidez, lau harrera familiak eman dute izena bost haur beren etxeetan hartzeko. Hori hala, bina haur izango dira Azkoitian eta Azpeitian, eta bat, Zumaian. Saharautz elkartearen bidez, berriz, sei familiak eman dute izena haurrak hartzeko; lau ume izango dira Zarautzen, eta bana Getarian eta Orion.