Gorka Atxalandabaso izango da Biele ISBren entrenatzaile berria

Iraia Oteiza 2026ko ekainaren 30a

Gorka Atxalandabaso. (ISB)

Iñigo Nuñezek Iraurgiren gizonen lehen taldearen gidaritza utziko du. Amaitu berri den denboraldian taldearen entrenatzaile laguntzaile postuan aritu den Gorka Atxalandabasok hartuko du Nuñezek utzitako tokia. 

Gorka Atxalandabaso (Leioa, Bizkaia, 1998) izango da Biele ISB taldearen entrenatzaile berria 2026-2027 denboraldian. Iraurgi saskibaloi klubak sare sozialetan iragarri zuen atzo orain arte taldea zuzendu duen Iñigo Nuñezen baja, eta gaur aurreratu du Atxalandabasok hartuko duela Santurtziko (Bizkaia) entrenatzaileak hutsik utzi duen aulkia. 

Atxalandabasok eskarmentua du saskibaloi taldeen gidaritzan; izan ere, Leioako saskibaloi taldeko harrobiko eta lehen mailako jokalariak entrenatu ditu, eta Euskal Saskibaloi Federazioan hautatzaile eta laguntzaile lanetan ere ibili da. Azken denboraldian, gainera, Iñigo Nuñezek gidatu du Biele ISB, baina Atxalandabaso aritu da entrenatzaile laguntzaile postuan. 

Entrenatzaile berria ezagutarazteaz gain, Nuñezen lan ona eta profesionaltasuna eskertu ditu Iraurgi saskibaloiak, eta hemendik aurrerako bere ibilbide profesional nahiz pertsonalean zorterik onena opa dio. "Iraurgi beti izango da zure etxea, eskerrik asko guztiagatik" adierazi du klubak sare sozialetan. 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide