Larunbat honetan jokatuko dute Martirietako Igoera, Jokin Ormaetxea txirrindulari elkarteak antolatuta. Aurten ere, iaz bezala, korrika nahiz bizikletaz parte hartzeko aukera izango da. Bi modalitateetan, ibilbide bera egin beharko dute parte hartzaileek: Azkoitiko plazatik abiatuta, Martirietako plazara joan beharko dute, 3,7 kilometroko ibilbidea osatuz. 10:00etan hasiko da korrikalarien proba, eta 11:15ean txirrindulariena.
Antolatzaileek jakinarazi dutenez, oraingoz 50 lagunek eman dute izena bizikletako proban, eta beste 30ek korrikakoan. Proba bakoitzean, oraingoz, hamar bat emakumek eman dute izena, eta gainontzekoak gizonak dira. Dena den, antolatzaileek gogorarazi dute larunbatera bitartean izena emateko aukera egongo dela; aurten Internet bidez soilik egin daiteke inskripzioa; hain zuzen ere, kronoak.com edo rockthesport.com webgunean eman behar da izena, 15 euro ordainduta. Lasterketak hasi baino ordubete lehenago itxiko dituzte izen emateak: hau da, korrikako izen ematea 09:00etan itxiko dute, eta bizikletakoa, 10:00etan. Oraingoz denera 80 bat lagunek eman dute izena, baina antolatzaileek badakite jendeak azken unean duela izena emateko ohitura; horregatik, izena eman edo ez zalantzan daudenak urratsa egitera animatu dituzte.
Iaz egin zuten aurrenekoz korrikako proba, eta "arrakasta" izan zuenez, aurten berriro egitea erabaki dute. 2025eko edizioan 47 lagun animatu ziren igoera korrika egitera, eta Jokin Ormaetxeako kideek azaldu dute lehen aldia izateko "kopuru ona" dela. Bizikletaz iaz 68 lagun animatu ziren, eta ea aurten ere antzeko kopurura iristen diren. Gainera, aipatu dute urtetik urtera "emakume gehiago" animatzen direla. Martirietako Igoera bi modalitatetan jokatuko den arren, norbait animatzen baldin bada, bi probetan parte hartzeko aukera ere badagoela gogoratu dute. "Iaz animatu zen bateren bat bi probak egitera".
Inoiz baino sari potoloagoak
Aurten, indar berezia egin dute sariak herritarrentzat erakargarriak izan daitezen, eta oroigarriez gain, diru sariak ere eskuratuko dituzte azkarren ibiltzen direnek: lehen sailkatuek txapela, garaikurra eta 100 euro eskuratuko dituzte; bigarren sailkatuek garaikurra eta 50 euro; eta hirugarren sailkatuek garaikurra eta 25 euro –sariak berberak izango dira korrikako eta bizikletako proban–. Horrez gain, norbaitek errekorra ezartzen badu, 75 euroko sari gehigarria eskuratuko du. Gainera, lehen kilometroa azkarren egiten dutenek sari berezia izango dute.
Podiuma osatzen dutenentzat ez ezik, gainontzeko partaideentzat ere izango dira sariak. Parte hartzaile guztientzat hamaiketakoa izango da amaieran, eta sari ugari zozkatuko dituzte. Gainera, kamiseta eta poltsa bana banatuko dizkiete kirolariei.
Orain arteko markak
Orain arteko errekorrak nork ezarri dituzten ere jakinarazi dute antolatzaileek. Korrikako modalitatean, Aitor Mimenzak (15.49) eta Adirane Peñagarikanok (20.03) dituzte markak ezarrita, eta txirrindularitzako proban, berriz, Oier Ibargurenek (11.11) eta Haizea Riberak (15.45).
Antolatzaileek badakite Martirietako Igoera ahalik eta azkarren egitea izan ohi dela parte hartzaileen helburua, baina "lagunarteko proba" dela azpimarratu dute. "Ondo pasatzea eta saltsa jartzea da gure helburua. Herriko jendeari esango genieke Quebrantahuesos, Behobia-Donostia eta horrelakoak egitea ondo dagoela, baina herrian parte hartzeak ere bere xarma duela, eta animatzeko. Kanpoko probetan parte hartzea ondo dago, baina polita da herrikoetan sortzen den giroa ere", adierazi dute.