Hitz bitan

Ion Larrañaga: "Batik bat, askatasuna da niretzat musika"

Andoni Elduaien 2026ko uztailaren 6a

Ion Larrañaga musikaria. (Andoni Elduaien)

Azkoitiko Musika Bandan, txarangan, dultzaineroekin... Herriko musika taldeetan ari da osatzen musika ibilbidea Ion Larrañaga (Azkoitia, 1987) perkusionista. Talde horiei aterik itxi gabe, Aria musika taldera batu da orain, bestelako bide bati ekinez. Ekainako Azkoitia Guka aldizkarian argitaratutako 'Hitz bitan' elkarrizketa da honako hau. 

Nola zaletu zinen musikara?

Txiki-txikitatik gustatu izan zait musika. 3 urte bete nituenean oparitu zidaten aurreneko plastikozko bateria, eta harrezkero, beste zortzi-bat izango nituen, urtebetetzeetan eta Gabonetan opari horixe baino ez nuen-eta nahi izaten.

Izan al zenuen haurtzaroan erreferenterik?

Egan taldeko Alberto Frantzesena bateria jotzailea. Bai karnabaletan, bai andremarietan, Eganen kontzertuei begira egoten ginen familiakoak, eta Alberto bakarrik ikusten nuenez, hura bihurtu zen nire idoloa. Eszenatokiaren alboan egoten nintzen hari begira, eta aitak etxera joan behar genuela esaten bazuen ere, han geratzen nintzen.

Harrezkero, herriko talde askotako kide bihurtu zara.

Lehen, musika bandako kideek bandara batzeko gonbidapena egin ohi zuten ikastetxeetan, eta 1999. urtean sartu nintzen ni. Hain justu, 2000. urteko Errege Magoen kabalkadan egin nuen debuta bandarekin, danborra jotzen; aurten bete ditut 26 urte bandan. 16 urterekin, berriz, Urolatarrak txarangan hasi nintzen, eta hamar bat urte igaro nituen han. Era berean, Azkoitiko dultzaineroekin ere hasi nintzen orduan, danbor jotzaile moduan.

Orain, berriz, Aria musika taldera batu zara.

ETB1eko Biba zuek! saioan Aria taldeko Marina Landa elkarrizketatu zuten behin, eta han esan zuen bateria jotzaile bat behar zuela bere talderako. Hori entzun orduko, nire bikoteak mezu bat bidali zion hari, ni bateria jotzailea nintzela esanez. Eta hala batu nintzen taldera. Duela hiru urte abiatu zuen proiektua Marinak, Iñaki Ortego piano jotzailearekin batera. Taldera batzen hurrengoa ni izan nintzen, eta gero hasi ziren Iñaki Olaskoaga eta Maialen Urretabizkaia, nahiz eta azken horrek taldea utzi eta Ane Bastida batu zen.

Zer moduz doakizue taldean?

Marinak bakarlari gisa kaleratu zuen aurreneko diskoa. Iaz, berriz, talde moduan aurreneko diskoa argitaratu genuen, eta orain, bigarren lana ontzen ari gara, abesti batzuk moldatuz. Ordea, duela gutxi, Realaren maketa lehiaketa irabazi dugu, eta txuri-urdinek Valentziaren aurka jokatu zuten egunean Anoeta estadioan jo genuen. Bide batez, bi abesti grabatzeko saria ere eskaini ziguten. Noticias de Gipuzkoa egunkariaren lehiaketa baten finalera ere ailegatu ginen.

Zer eman dizu zuri musikak?

Jendea eta leku desberdinak ezagutzeko bidea da niretzat musika; lagunak egiteko edota lagun talde berriak osatzeko aukera ematen dit. Ordea, batik bat, askatasuna da musika niretzat, oso aberasgarria iruditzen zait eta.

Musikarik gabe zer egingo zenuke?

Ez naiz sekula horretaz pentsatzen hasi. Anaitasunan entrenatzaile bezala hasi nintzen, eta 11 urte egin nituen. Ordea, ez dut uste orain futbolaren bidea hartuko nukeenik. Urteetan atzera egin eta zerbait hautatu beharko banu, uste dut berriro musikaren bideari helduko niokeela, berriz ere bandan hasiko nintzatekeela.

Etorkizunerako proiekturik ba al duzu?

Lanketa bat abiatu berri dut musika moldatzen duen Joseba Aparicio oriotarrarekin batera. Anje Duhalderen abesti batzuk musika bandaren kontzertu edo emanaldi baterako moldatzea eskatu diot hari, gero kontzertu bat eskaintzeko asmoz. Ez dakit aurrera aterako den edo ez, baina uste dut Josebari gustatu zaiola ideia. Lanketa handia izango da, baina ondo aterako den itxaropena dut. Musika bandari bizirik eutsi nahi badiogu, horrelako lanketak egitea funtsezkoa izango da.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide