'Azokatik Mahaira: Sukaldean Behin' tailerra eskainiko dute larunbatean, Kontzejupean

Ane Olaizola 2026ko ekainaren 29a

'Azokatik Mahaira: Sukaldean Behin' tailerra, artxiboko irudi batean. (Guka)

Anne Otegi sukaldariak zein Aitziber Aizpuru nutrizionistak gidatuko dute sukaldaritza ikastaroa, eta eguneroko elikadura modu "erraz, osasungarri eta iraunkorrean" antolatzeko tresnak irakatsiko dituzte, sukaldean denbora optimizatzearekin batera. 

Landaola Gipuzkoako Landa Garapen Elkarteen Federazioak Gipuzkoako Azoken Sarearen parte den Azkoitiko Udalarekin elkarlanean antolatuta, Azokatik Mahaira: Sukaldean Behin tailerra eskainiko dute Anne Otegi sukaldariak zein Aitziber Aizpuru nutrizionistak datorren larunbatean, Kontzejupean. Sukaldaritzaren eta elikaduraren ikuspegi osagarriak uztartuz, eguneroko elikadura modu "erraz, osasungarri eta iraunkorrean" antolatzeko tresnak eskainiko dizkiete herritarrei, 11:00etan hasiko den saioan. 

Bi orduko tailerra izango da larunbatekoa, eta hain zuzen, horixe da egitasmoaren ardatza; egun bakarrean, bi ordutan, aste osorako janaria prestatzea. Hau da, ikastaroan parte hartzen dutenek sukaldean denbora optimizatzen ikasiko dute, aldi berean, "dieta orekatu eta osasungarria" bermatuz. Horretarako, bertako eta garaiko produktuak erabiliko dituzte, "tokian tokiko ekoizleen lana balioan" jarriz eta "kontsumo arduratsua" sustatuz: "Zuzenean ikasi ahalko da garaian garaiko produktuak kontuan hartuta etxean modu azkarrean eta erosoan errezetak egiten, ohiko plateretatik pixka bat urrundu eta egunerokotasunean kontsumitu daitezkeen bertako elikagaiak modu erakargarriago batean prestatzen", gaineratu dute antolatzaileek.

Landaolaren arabera, parte hartzaileek aholku praktikoak eta errezetak jasoko dituzte, eta saioan bertan prestatutako jakiak dastatzeko aukera izango dute. Tailerrerako ez dago aldez aurretik izena eman beharrik, bertaratzearekin nahikoa izango da.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide