Musika Bandaren udako kontzertuak jendetza batu du Plazaberrin

Aitziber Arzallus 2026ko ekainaren 28a

Ordubete pasatxo iraun duen saioan, nazioartean eta Euskal Herrian oso ezagunak diren hemezortzi abesti jo ditu Carlos Muñozek zuzentzen duen taldeak. Beste hainbatetan bezala, musikariek Julen Etxaniz izan dute bidelagun; kantuan eta publikoko lagunak zirikatzen jardun du hark. 

Azkoitiko Musika Bandaren kontzertu bat beti da plan ona, eta azkoitiarrek ederki asko dakite hori. Bestela, ikusi besterik ez atzo arratsaldean Plazaberrin batu zen jendetza, bandaren udako kontzertuak erakarrita. Ordubete pasatxo iraun zuen emanaldian, Carlos Muñoz zuzendariaren aginduetara aritu ziren musikariak, eta beste hainbatetan bezala, Julen Etxaniz izan zuten bidelagun. Aurkezle eta animatzaile lanetan ez ezik, kantuan ere jardun zuen hark. 

Zuzeneko saioari 19:00etan ekin zion bandak, eta nazioartean eta Euskal Herrian oso ezagunak diren hemezortzi abesti jo zituen, inguruko terrazetan, bankuetan zein lurrean eserita zeuden dozenaka herritarren gozamenerako. Gainera, Etxanizek jolasean jarri zituen publikoko lagunak. Hain zuzen ere, nota gutxi batzuk emanda, zein abesti zetorren igartzeko lana jarri zien, asmatzen zutenentzat opariak aginduta. Besteak beste, Kantauri, Konkista, Berri Txarrak, Lagrimas desordenadas, In the end, La ruta destroyer, Dap-da eta Xiberutikan mendebaldera jo zituen bandak.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide