Ekaineko azken ostirala izanik, euskal presoen, iheslarien eta deportatuen eskubideen defentsan hainbat lagun elkartu ziren atzo arratsaldean plazan. Sarek deituta egin zuten elkarretaratzea, eta uztailean ez dela kontzentrazio deialdirik izango azaldu zuten. Dena den, abuztuaren 14an, Andremari jaien hasierako txupinazoaren orduan presoen aldarrikapena plazara eramateko deia egin diete Sareko kideek herritarrei.
Halaber, Sarek gogorarazi du udan beste hainbat deialdi ere izango direla, hala nola sanferminetan nahiz hiriburuetako aste nagusietan presoen auziari konponbidea ematea eskatuko dute, baita hondartzetan egin ohi dituzten mobilizazioetan ere. Egutegiko lehen hitzordua uztailaren 3an, ostiralez, Iruñeko Gaztelu plazan izango da, eta hara nahiz beste deialdietara batzera animatu dituzte herritarrak. "Argi dugu zein den helmuga: denak etxean egongo diren eguna", azaldu dute.